Patxo Telleria (Bilbo, 1960) saltsa askotan dabilen sortzailea dugu.Eskarmentu handiko aktorea eta, Mikel Martinezekin batera, Ez Dok Hiru Bikoteatroaren sortzaile.Gidoigintza du bere lan kuttun oholtza gaineko ofizioarekin batera. Zuzendari ere aritua, oraingoan bere bigarren film luzea zuzentzen ari da Aitor Mazorekin batera. Nemekitepá.
Lehen film luzea zuzendu ondoren errazagoa izan da bigarrena egitea?
Erronka zailagoa da. Bigarren pelikula beti izaten da konplikatuagoa. Lehenengoan aitzakiak dituzu, baina bigarrenean ez dago barkamenik, asmatu behar duzu eta gainera kontatu behar duzu istorioa aurrekoa bezain ondo. Jakinduria handiagoa da, baina baita ere gehiago dakizulako kezka handiagoa duzu. Gidoia neure ardura izan da. Aitor Mazo eta biok zuzendari bikote gisa nahiko konplementarioak gara. Behar bada Aitorrek arlo estetikoan —nola jantzi eta horrelako kontuetan— ni baino zeresan gehiago dauka. Nik aldiz, gidoiaren kontuetan eta istorioaren bilakaeran eta garapenean. Planoa ikusteko modu ezberdina daukagu, baina bataz besteko polita egiten dugula esango nuke.
Nemekitepá izenburua nondik dator?
Historian konposatu den kanta erromantikorik ezagunena eta beharbada onena da. Jacques Brel-en kanta horrek pelikulan zeregin garrantzitsu bat dauka. Ez genuen nahi euskarazko titulu bat jarri eta gero beste bertsioetan beste titulu bat jartzea edo itzulpen bat egin.Ne me quitte pas frantsesez, ez nazazu utzi. Euskaratua edo euskal grafiara eramanda, izen berberak gaztelaniarako balio du, ingeleserako... eta sonoroa da, esanahia jakin edo ulertu gabe ere polita.
La máquina de pintar nubes komedia erromantikoa zen.Eta hau?
Maitasuna eta maitasunik eza ageri dira. Giza harremanei buruz hitz egiten duen edozein komedia bezala, drama puntu bat ere badago baina komedia eta endredua nagusitzen dira. Komedia antierromantikoa da, bukaera zoriontsu erdi mingotsa dauka istorioak, ironikoa. Zeren gaur egun ezin dugu maitasunaz hitz egin duela ehun urte hitz egiten zen bezala. Ikuspuntu askoz ere ironikoagoa daukagu, ez dugu hainbeste sinesten lehenago sinesten genituen gauzetan, ez dugu hitz potoloetan sinesten, ez dugu sinesten amodioan...gizarteak ez du sinesten eta hori islatzen da pelikulan. Zentzu horretan oso kontenporaneoa da. Istorio honetan abiapuntua da askotan gauzak ondo egin nahi ditugunean askotan zenbateraino okertzen ditugun. Borondate onak askotan putzu batera garamatza, galbidera garamatza. Zentzu horretan istorioak ukitu ironikoa dauka alor askotatik.
Oraingoan aktore gazteak eta izen handikoakaukeratu dituzue...
Euskaraz errodatu nahi genuen eta oso inportantea zen guretzat aktore ezagunak hartzea; kuriosoa bada ere, aktore ezagunak dira baina ez euskaraz egiteagatik. Guk hautatu nahi genituen hain zuzen ba Barbara, Gorka, Mikel Losada, Aitor Mazo… normalean erdaraz antzeztean ezagun egin direnak. Hemengoak dira eta euskaldunak eta hona ekarri nahi genituen. Normalean euskaraz antzezten duten aktoreak asko eta oso onak daude, baina guk nahi genituen euskararen kontu horretan aurpegi berriak. Euskal zinemak eta euskarazko zinemak duintasun bat badauka eta maila handiko aktoreak badaude. Ez dago industria handirik eta orduan oso normala da kanpoan lan egitea, jakina.
Zaila da zu lan bakarrean murgilduta ikustea. Zer duzu esku artean?
Mikel Martinezekin Lingua Navajorum antzezlan berria muntatuko dut. Bestalde, hemengo autore oso ezagun baten nobela bat moldatuko dut antzerkira.
Patxo Telleria. Zinema zuzendaria
«Borondate onak askotan galbidera garamatza»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu