«Fanfarre handi batek bezala» hasiko du BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak 2011-12ko denboraldia, tronpa laukote batekin Schumannen eta Brucknerren piezak emanez. Berlingo Orkestra Filarmonikoko Stefan Dohr buru dela, Juan Manuel Gomez, Jose Vicente Castello eta Jose Miguel Asensi izango dira Euskaldunan, Gunter Neuhold zuzendariaren gidaritzapean. Schumannen Lau tronpa eta orkestrarentzako kontzertua emango dute aurrena; eta Brucknerren Zazpigarren sinfonia ondoren. Ostiralez ere izango da kontzertua, ohikoa denez.
Aurtengo denboraldian ospakizunerako betarik ere izango da. Izan ere, 1922ko martxoaren 8an zabaldu zituen lehen doinuak BOSek. Heldu den urtean izango dira 90 urte Armand Marsicken gidaritzapean aurreneko kontzertua eman zuenetik, eta urtemuga ez zaio oharkabean igaroko orkestrari. Krisi hotsek ez dituzte orkestraren doinuak apalduko, eta Anorld Schonbergen Gurrelieder abesti zikloa eskainiko du Euskal Herrian lehendabizikoz, martxoaren 8an eta 9an. Bakarlari ugari eta zenbait koru eskatzen ditu obra horrek, ekoizpen lan handia, eta, ondorioz, obra aurkeztu ahal izatea «amets bat betetzea» dela dio Gunter Neuhold BOSeko zuzendariak.
Anne Swanewillms sopranoak, Simon O'Neill tenorrak, Lilli Paasikivi mezzo-sopranoak, Arnold Bezuyeren tenorrak, Fernando Latorre baritonoak, Jon Frederic West narratzaileak eta Easo, Araba eta Errenteriako Andra Mari abesbatzek parte hartuko dute ekoizpenean. Errege baten gorabeherak kontatzen ditu Schonbergen obrak.
Nolanahi den, aurrez zein ondoren mami handiko egitarauak eskainiko ditu BOSek. Hamazazpi zehatz-mehatz, iaz baino bat gutxiago. Ganbera musikako emanaldiak zenbatuta, 120 kontzertu emango ditu, denera. Eta horiekin guztiekin 150.000 entzulerengana iristea espero dute, Ibon Aranbarri BOSeko zuzendari nagusiak esan duenez.
Bilboko orkestrako zuzendari titularrak, Gunter Neuholdek gidatuko ditu kontzertuen erdiak, eta gainerakoetan kanpoko maisuek zuzenduko dute orkestra: Marzio Conti, Ryusuke Numajiri, Marco Guidarini, Yaron Traub, Pavel Kogan, Isaac Karabtxvski, Josep Caballe Domenech eta Guillermo Garcia Calvok.
Halaber, bakarlari ugari izango dira BOSek bihar hasiko duen aldi berrian: Sverin von Eckardstein, Wonny Song eta Eldar Nebolsin pianistak, Guy Braunstein eta Nemanja Radulovitx biolinistak, Alison Balsom tronpeta jotzaileak, Horacio Parravicini txirulariak, Alban Gerhardt eta Gautier Capuçon biolontxelo jotzaileak...
1922an jaiotakoek, doan
Denboraldi sinfonikoko eta ganbera musikako emanaldiez gain, kontzertu didaktikoak ere eskainiko ditu BOSek. Baita Gabonetako, Inauterietako eta Udaberriko kontzertuak ere. Haendelen Mesias eskainiko du abendukoan, 2000. urteaz geroztik eman ez duen Eguberrietako obra tipikoa. Inauterietan, Maurice Ravelen Boleroa interpretatuko du BOSek, besteak beste. Eta Udaberriko kontzertuan, Beethovenen Seigarren sinfonian jarriko ditu indarrak, Nemanja Radulovic biolinistarekin eta Josep Caballe Domenech zuzendariarekin. Ainhoa Artetarekin amaituko du denboraldia BOSek. Straussen «abesti ederrenetako batzuk» abestuko ditu sopranoak, ekainaren 7an eta 8an.
Ohiko denboraldi sinfonikokotxartelekin batera, sei kontzertutarako txartelak ere jarriko dituzte salgai. Eta BOS bezala 1922an jaiotakoek kontzertu batera doan sartzeko aukera izango dute.
BOSek «fanfarre batek bezala» hasiko ditu 90. urtemugako ospakizunak bihar
Stephan Dohr buru duen tronpa laukote batekin, Brucknerren eta Schumannen piezak interpretatuko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu