Bost erretaulari monumentu kategoriako kultur ondasun izendapena eman die Eusko Jaurlaritzak. Bizkaian dago artelanetako bat, Arrietako San Martin parrokia elizan, eta Gipuzkoan, berriz, beste laurak: Bergaran, Ariznoako San Pedro parrokia elizan; Zestoan, Aizarnako Andre Mariaren Jasokundearen parrokia elizan; eta Zumaian, San Pedro parrokia-elizan. Euskal Kultura Ondarearen Legeak dioenari jarraiki, egitura bera (arkitektura), hori horman ainguratzen duen sistema eta erretaularen beste elementu guztiak, eskulturak zein pinturak daude kalifikatutako ondasunaren barruan, baita erretaulari elkartutako sagrarioa ere.
Kutxatila erretaula gotiko berantiarra da Arrietako San Martineko erretaula nagusia, XVI. mendeko lehen urteetakoa. Pradela bat, hiru gorputz eta atikoa ditu, eta bost kaletan antolatuta dago. Pradelan zortzi apostoluren irudiak ditu, eta gorputzek San Martinen bizitzaren hamar pasarte erakusten dituzte. Erretaula hori bere antzinatasunagatik nabarmentzen da, baita gotikoaren azken garaiko tokiko ekoizpenaren eredu ere badelako.
Bergarako Ariznoako San Pedro parrokia elizako bi erretaulari aitortu zaie monumentu izendapena. San Migelen poliptikoa da bat, XVI. mendekoa eta flandriarra. Margo multzo narratzailea da, predelaz eta errematxe zirkularra duten hiru kalez osatua. Bederatzi gorputzetako bat hutsik dago, eta, hartan, San Pedroren XVII. mendeko eskultura bat dago, San Migelen margo bat zegoen tokian. Bestea, XVI. mendeko lehenengo urteetako kutxatila erretaula da, San Pedroko erretaula nagusia. Lau ebanjelisten erretratuak ditu predelan, eta sagrarioa erdian. Kalitate handiko lana da, eta bere antzinatasunagatik du interesa; Euskal Herriko erromatar garaiko erretaula zaharrenetakoa da San Pedrokoa.
Bi triptiko flandriar
XVI. mendeko triptiko flandriarrak dira Aizarnako Andre Mariaren Jasokundearen parrokia elizakoa eta Zumaiako San Pedro parrokia elizakoa. Aizarnako Artzainen gurtzaren triptikoa Pieter Aertsen margolariaren taldeak 1540. urtearen inguruan egindakoa dela uste da. Tamaina handiko erretaula da, eta hori ez da oso ohikoa Herbeheretatik Euskal Herrira ekarritako lanen artean. Horrek eta kalitate artistiko bikainak nabarmentzen dute, beste zenbait ezaugarriren artean. Interes historikoa ere badu, enkarguzko lana baita eta emaileenak benetako erretratuak baitira.
San Bernaberen kaperako triptikoa da Zumaiakoa. Aurrealdean kolore bizi eta distiratsua du, gorri, berde eta okreak batez ere. Aldiz, ifrentzuan, kolore ilunak baina beroak dira nagusi. Konposizioak interesgarriak dira, XV. mendeko eskemetan oinarritutakoak. Antzinatasunagatik, kalitate artistiko onagatik eta inportatua izateagatik du interesa artelan honek, baina baita XVI. mendekoa izan arren triptikoaren tipologiari eusten diolako ere.
Bost erretaulari monumentu kategoria eman die Jaurlaritzak
Arrietako, Bergarako, Zestoako eta Zumaiako parrokia elizetan daude kultura ondasun izendatutako artelanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu