Munduari egindako lehen biratik 500 urte betetzen direnean, espedizio hura eta Juan Sebastian Elkano espedizioko protagonista nagusietako bat gogora ekarriko ditu EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Mundubira musika bidelagun proiektua aurkeztu dute gaur arduradunek. Haren barruan, bost euskal konpositoreri pieza bana sortzeko eskatu diete: espedizioaren zati bati musika jarriko dio bakoitzak. Denen artean, Elkanoren bidaia osoa irudikatuko dute.
Obra bakoitza banaka estreinatuko dute, lehena aurtengo udazkenean, eta azkena 2022ko udaberrian, espedizioak iraun zuen denboraren isla modura. Euskal lurralde guztietako konpositoreak hautatu dituzte proiekturako.
Mikel Chamizo (Tolosa, Gipuzkoa, 1980) izango da lehena obra estreinatzen, eta espedizioaren irteera irudikatuko du bertan. Haren ondotik, Mikel Urkizak (Bilbo, 1988) Hego Amerika izango du inspirazio iturri bere pieza sortzeko. Joel Merah (Clichy, 1969) euskal musikagileak osatuko du bidaiaren hurrengo etapa, Ozeano Bareari eta Asiari begira jarrita. Teresa Catalanek (Iruñea, 1951), berriz, Afrika eta India izango ditu osagai bere pieza sortzeko. Eta azkenik, Zuriñe Gerenabarrenak (Gasteiz, 1965) espedizioaren itzulerari jarriko dio musika.