Carl Orff musikagilearen obrarik ezagunena da Carmina Burana. Piezako lehen abestia, O Fortuna, belarri guztiek entzun dute noizbait. Baina gutxik dakite zer den zehazki Carmina Burana. Erdi Aroan goliardoek idatzitako testu debekatuen hitzekin osatutako kantak dira, zoria, jan-edariak maitasuna eta antzeko gaiez hitz egiten dutenak. Orff aditua zen testu horietan, eta bere gainontzeko obren antzera, ikuskizunera bideratutako lana sortu zuen obra horrekin.
La Fura dels Baus antzerki taldeko zuzendari Carles Padrissak ideia horrekin sortu du bertsioa. «Carmina Burana oso pieza erritmiko eta ikusgarria da, oso herrikoia, baina Orffek antzezteko sortu zuen». Antzerki talde katalanak bost urterako hitzarmena sinatu du Agencia Camera ekoiztetxearekin eta Iruñeko Orfeoiarekin, obra hori hainbat herrialdetara eramateko. Gaztela eta Leongo Orkestra eta Amparo Navarro, Xabier Sabata eta Thomas Bauer bakarlariak izango dira ikuskizuneko gainontzeko partaideak.
Itzalekin jolastuz eta zilindro erraldoi baten inguruan, Iruñeko Orfeoiak Erdi Aroko bizimoduaren eszenak antzeztuko ditu. Padrissaren arabera, argi laua funtsezkoa da: «Ohiko kontzertuek gehiegizko argia darabilte, baina istorioan murgiltzeko mesedegarriagoak dira itzalak eta argi aldaketak». Ikuskizun osatua eskainiko dute: «Gure emanaldian bost zentzumenak piztuko ditugu, musika, antzezpena, lurrinak eta bestelako elementuen erabilerarekin». Bi emanaldi eskainiko dituzte, gaur eta bihar.
Bost zentzumenak piztuko dituen ikuskizuna
La Fura dels Baus eta Iruñeko Orfeoiak 'Carmina Burana'-ren bertsio berritzailea eskainiko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu