Erakusketa

Bourgeois eta Abramovic, Bilboko Arte Ederren Museoan

35 andrazko artista garaikideren 43 lan bildu dituzte ‘Womanology’ erakusketan. Jose Ramon Prietoren bildumakoak dira guztiak, eta bihartik irailaren 5era bitarte ikusi ahal izango dira

Barbara Krugerren 'Seeing through you' obra, 2005ekoa. FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko apirilaren 29a
16:16
Entzun

Arte garaikidearen erretratu bat, xehetasunez beterikoa, artista garrantzitsu andana baten obren eskutik; baina baita museo batek, emakumeek artearen historian izandako ezabaketaz jabetuta, egoera horri adabaki bat jartzeko hartutako erabakia ere. Bi aldeak batu dira, ezinbestean, Bilboko Arte Ederren Museoak bihartik irailaren 5era bitarte erakutsiko duen Womanology bilduman. Jose Ramon Prieto bildumagileak maileguan utzitako 43 obrek osatzen dute erakusketa, 35 izen ezagun eta esanguratsuk ondutakoak: Louise Bourgeoisen, Marina Abramovicen, Jenny Savilleren, Barbara Krugerren, Dora Salazarren eta Ana Laura Alaezen lanak jarri dituzte, besteak beste, aretoan.

Miguel Zugaza museoko zuzendariak goizeko aurkezpenean, hitza hartu eta berehala, adierazi du erakusketa «salbuespen bat» dela: «bitxikeria» iruditzen zaio, artearen historia «murriztailea» izan delako emakumezkoen jardunari dagokionez. Hala, erakusketak «museoa interpelatzen» duela adierazi du zuzendariak: «Erronka jotzen digu gure bildumaren berrikusketa egiteko». Hasi dira dagoeneko: museoak Sofonisaba Anguissola (Kremona, Italia, c. 1533 - Palermo Italia, 1625) artistaren Santa Katalinaren ezkon hitz mistikoak (1588) olioa eskuratu du berriki, eta bihartik aurrera jarriko dute ikusgai.

Kontrara, Womanology-k XX. eta, batez ere, XXI. mendeko artisten obrak biltzen ditu, Prietoren belaunaldikoen lanak, nagusiki. Bildumagilea duela 25 urte hasi zen obrok biltzen, eta hasieran tokiko artistengan jarri zuen interesa, baina berehala nazioarteko artelanetara hedatu zen Prietoren jakin-mina. Dena den, emakumezkoen artea izan zuen hasieratik jo puntuan, haren hitzetan: «Beti izan dut interesa jakiteko emakumeek nola ikusten duten mundua, gizartea, politika, kultura... Nola ulertzen duten bizitza eta heriotza nire belaunaldiko artistek». Duela urtebete alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu zioten Prietori, eta, eriaren ondorioz hitz egiteko gaitasuna galdu duenez, bere bikote Ana San Josek irakurri ditu hark idatzitakoak. San Joserekin batera eginiko bidaiak, arakatutako galeria, areto eta askotariko erakusketa tokiak, artisten inguruko ikerketak eta, kasu batzuetan, haiekin izandako gertuko harremanak: lan horren guztiaren fruituak jasotzen ditu Womanology-k.

Aniztasuna, oroz gain

Aldarri kutsua du erakusketak, eta izenburutik beretik iradokitzen da genero aldagaiak duen pisua, baina, hala ere, artelanen aniztasunak zaildu egiten du orokortzera jotzeko edozein saiakera. Izan ere, askotarikoak dira lanen euskarriak, koloreak eta formak: kolorezko zein zuri-beltzezko argazkiak, arkatzez eginiko marrazkiak, mihisea bihurrituta sortutako eskultura bat, kobrearen gainean pintatutako obra bat eta buruaren ordez pantaila bat duen pieza bat batu dituzte, besteak beste. Eta, era berean, bertan dago bildumagileak eskuratu duen azken pieza ere, berri-berria, artistak berarentzat eginikoa, eta Womanology-n erakutsiko dena lehen aldiz: Jenny Saville kotizatuaren Study for Pieta I (2021) marrazkia. «Pietate garaikide bat erakusten digu, artistaren familiak gorpuztua», azaldu du Lourdes Fernandez erakusketako komisarioak: «Bere margotzeko moduak transzenditu egiten ditu figurazio klasikoaren eta abstrakzio modernoaren mugak. Denboran zehar gorputza islatzeko moduaren kontzientzia intelektuala eta zentzumenezkoa dago bere lanean».

Gorputza du hizpide, orobat, Tracey Eminen obrak, komisarioak zehaztu duenez: «Ezaguna da bere lan gehienetan lehen lerroan kokatu zituelako emakumezkoen sexualitatea eta bizitza emozionala, hala nola traumak, maitasuna, gorrotoa, depresioa eta desira». Horren adierazgarri da erakusketak jasotzen duen Oh Fuck (2002) tapaki brodatua: hanka zabalik dagoen andre baten silueta ageri da bertan, eta, haren azpian, Sometimes it’s just a matter of space esaldia (Batzuetan, espazio kontua baino ez da izaten).

Eminen artelana Louise Bougeoisekin lotu du Fernandezek: «Tradizionalki femeninotzat hartutako elementuekin egin zuen lan hark ere: hariak, jostorratzak eta zeozer konpontzeko josturak, harentzat esanahia zuten oihalen gainean egindakoak». Erakusketako Pregnant Woman (2007) obran, ordea, akuarelara jo zuen artista frantziarrak, ohikoa zuen «etxeko eta amatasun kontuei kritika» egiteko: haurdun dagoen gorputz bat irudikatzen du silueta gorri lausotu batek, bururik gabekoa, eta bere sabelean orban gorri bat paratua dago, fetua irudikatzen duena.

Trazuez egina dago Kara Walker artistaren Raw Pigment (2016) ere, baina silueta bat baino gehiago ageri dira mihisean, gainjarrita, eta koloreak ere ugariagoak dira: marroia, gorria, beltza eta urdina uztartu ditu Walkerrek figurak mamitzeko. Ez da artistaren ohiko estiloa, halere. Komisarioak azaldu duenez, paper beltzez eginiko siluetak egiten ditu hondo zuri baten gainean. Alabaina, bere obren ohiko gaiak ditu hizpide pintura horrek ere: «Arrazaren, generoaren, sexualitatearen edo indarkeriaren inguruko jakin-mina islatzen du, eta bere obrak erabiltzen ditu arrazen arteko berdintasun faltaren sorburua aztertzeko tresna gisa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.