Bourgeoisen barne mundua bistaratu du Guggenheimek

Artistaren 'Gelak' artelan serieko 28 pieza bildu ditu museoak. Bigarren solairu osoa hartzen du erakusketak.

Inigo Astiz
2016ko martxoaren 17a
15:07
Entzun

“Helmugarik ez zuen bidaia batean zebilen. Bazekien bide onetik zihoala, baina ez zekien nora zihoan. Ez zen kontzeptu batetik abiatzen. Ez zitzaion interesatzen estilo bat sortzea. Ez zitzaion interesatzen bere burua errepikatzea. Ez zuen filosofiarik. Bere bizitzako egun horretan edo hilabete horretan bizi zuena erregistratzen duten eguneroko moduko bat dira haren lanak”. Hitz horiekin deskribatu du Louise Bourgeois artistaren lan egiteko modua Jerry Gorovoyk, Easton Foundation fundazioko lehendakari eta urte luzez Bourgouisen laguntzaile izandakoak. Eguneroko horien parte bat bildu du orain Bilboko Guggenheim museoak artistari eskainitako Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak erakusketan. Sortzaileak 1981ean abiatutako Gelak izeneko pieza serieko lanak batu dituzte guztira, eta irailaren 4ra arte izango dituzte ikusgai.

Aurrez ere ezaguna da Bourgeoisen lana Bilbon. 2001ean erosi zuen Guggenheim museoak artistaren armiarma itxurako Ama pieza, eta eraikinaren kanpoaldean dago geroztik. Pieza haren erosketa laguntzeko, gainera, urte hartan Guggenheim bildumetako piezekin erakusketa antolatu zioten sortzaileari museo barruan. Baina ezberdina da oraingoa. Izan ere, artistaren obra osoaren lagin moduko bat zen orduko erakusketa, eta serie zehatz bat da oraingoan aurkezten dutena. Seriearen parte handi bat. Izan ere, 55 piezek osatzen dute seriea, eta haietariko 28 jarri dituzte Bilbon ikusgai orain. “Gure bizialdian lan guzti hauek elkarrekin ikusteko izango dugun aukera bakarra izango da hau”, azaldu du Gorovoyk.

 

Haurtzaroko traumak

Arkitekturaren eta eskulturaren bidegurutzean daude Bourgeoisen piezak: erdi zelda, erdi babesgune, erdi gogoetarako espazio. Gorovoyk kontatzen duenez, pieza horiekin hasi zen artista bere bizitzako objektuak artelanetan txertatzen. Etengabeak dira horregatik, adibidez, bere gurasoek zuten arropa-fabrikako altzairuei eta hari matazei egindako erreferentziak Bilbon ikusi daitezkeen geletan, eta baita bere haurtzaroko traumei egindako keinuak ere. Nolabait ere, esan daiteke, bere barne mundua biltzeko sortu zituela gela horiek.

Aurrez Municheko Haus der Kunst museoan egon da erakusketa, eta Moskutik pasa ostean heldu da Bilbora. Louisianara eramango dute gero. Eta atsedenera bueltatuko dira gero denbora baterako, Municheko Haus der Kunst museoko Julienne Lorz komisarioak azaldu duenez. “Pieza hauen hauskortasuna dela eta, erakusketa hauen ostean ziurra da artelan hauek ez direla denbora batean berriz ikusi ahal izango”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.