Brillante Mendozaren 'Thy Womb'-ek harridura eragin du Veneziako Mostran

Peter Brosens eta Jessica Woodworthen 'La cinquième saison' filmak harrera hotza izan du zinema jaialdian

Agentziak
Venezia
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Brillante Mendoza zuzendari filipinarrak harridura eraman zuen, atzo, Veneziako Zinemaldiko areto nagusira. Zinema jaialdietako ohiko bisitaria izan arren, Mendozaren film hermetikoek jarraitzaileak beste aurkari sutsuak eragiten dituzte, baina atzo aurkeztu zuen filmak (Thy Bomb) harrera beroa izan zuen prentsarako emanaldian. La cinquième saison-ek, ordea, txaloak eta txistuak jaso zituen —Peter Brosensek eta Jessica Woodworthek filmatu dute, elkarrekin—.

Venezian ikusmina piztua zuen Brillante Mendozak, eta aurreikuspen guztiak bete zituen Thy Bomb-ekin, poligamia egoera berezi bat modu koloretsuan filmatutako lanarekin. Azkeneko film honetan, Manila hiriburuko giro gordin eta ilunak albo batera utzi, eta Tawi Tawi uhartearen argitasunaz busti da zinemagilea, nahiz eta horri garrantzi txikia eman: «Ez dut pentsatzen nire filmak ilunak edota argitsuak diren. Istorio bat ondo kontatzea nahi dut, nire mezua hel dadin».

Ozeano Barean zehar eraman du kamera, eta mundu ezezagun bat ekarri du lehen planora, zuzendariak berak ezagutzen ez zuen kultura ezohiko bat. «Guretzat errealitate ezkutua da, eta niretzat, paisaia bezain garrantzitsua zen jendearen, komunitatearen berri ematea. Hara joan gara gure historia jasotzera; ikustera nola jaten duten, nola lo egiten duten, nola bizi diren».

Filmak kontatzen du nola senar-emazte batzuk gizonezkoarentzako bigarren emaztearen bila hasten diren, hark oinordekoak eman diezazkion. Mendozak modu ia dokumentalean, naturalistan jaso ditu kultura horretako ohiturak, eta, kritikarien ustez, aurtengo jaialdianikusi diren sekuentzia ederrenetakoak eskaini ditu.

Gaur, lehiaketako azkeneko bi filmak aurkeztuko dituzte Brian de Palmak (Passion) eta Francesca Comencinik (Un giorno speciale), eta kinielek jadanik Mendozaren filma kokatu dute Urrezko Lehoia jasotzeko hautagaien artean, Paul Thomas Andersonen The Master-ekin batera.

Lur antzuak

Peter Brosensek eta Jessica Woodworthek osatutako bikoteak La cinquième saison aurkeztu zuen atzo, Venezian, eta nahiko harrera epela izan zuten. Frantzia, Belgika eta Herbehereen arteko ekoizpen hori Belgikako herri txiki batean dago girotua, eta kontatzen du nola urteroko festaren ondoren zoritxarra iristen den herrira eta herritarrak behin betiko urtaro batean gelditzen diren iltzatuta. Horrek antzu bihurtuko ditu beren lurrak. «Emozioen bilduma konplexua da, eta ezin ditugu eman azalpen guztiak. Horiek ikusleen esku uzten ditugu», adierazi zuten bi zuzendariek emanaldiaren ostean. Nolanahi ere, Theo Angelopoulos, Andrei Tarkovski eta Gus Van Sant aipatu zituzten filmean eragin duten zinemagileez galdetuta.

Bestalde, Robert Redfordek The Company You Keep filma erakutsi zuen lehiaketatik kanpo. Bere azkeneko lanean atzera begiratu du, The Weather Underground taldea gogora ekartzeko: Vietnamgo gerraren kontra indarrez altxatu zen talde hori. Ez ditu filmatu talde horrek egin zituen erasoak; horren ordez, gertakarietatik 30 urte pasatu direnean kokatu du bere istorioa. Besteak beste, Susan Sarandon, Julie Christie, Nick Nolte eta Chris Cooper aktoreek parte hartu dute filmean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.