Broadway txikia
Betiko eran, gozatzeko asmotan etorri gara Tolosako Abesbatza Lehiaketara. Helburua bete dugu, ezbairik gabe. Era askotariko, jatorri desberdineko eta estruktura oso bestelakoetan antolaturiko taldeek izan dute aukera elkarren artean lehiatzeko. Talde kantuaren, artearen eta edertasunaren bideak jorratzeko, teknika ugari eta lanerako era zein antolamendu ugaritatik abiatu dira taldeok. Horren guztiaren arabera eta etxera begira, goraipatu nahi nuke Hodeiertz-Oroithek lorturiko hirugarren saria. Hain dira mugatuak gure herrietan koru trebakuntzarako baliabideak eta txikia duen oihartzuna, setati jokatzea besterik ez dagokie aurrera egingo badute.
AEBetako Salt Lake Vocal Artists taldeak piztu du jendearen animoa. Ekipo konpaktua, gaztea eta musika aldetik jantzia da. Gershwinen swingak, espiritualak, musika erromantikoa edo XX. mendeko Cloudbrust obra efektuz betea, guztiak dira larre gozo harentzat. Broadway txikia bihurtu zuten Leidor antzokia. Hungariako Cantemus neska korua, berriz, ikusgarritasun ponpoxik gabe, gailendu egin zen guztien gainetik. Beren herriko koru jakinduriaren gordailu den Denes Szabo buruan, Kodaly eta horrelako musikari eta pedagogoek hasitako lanaren fruiturik goxoenak dastatzeko aukera eman digute.
Izozmendiaren oinarrian ordea, baziren beste hainbat koru. Haurren sailean, Leon de Oro asturiarra: oso gaztetxoa eta naturala. Amics de la Unio katalana, urteetan ontzea lortu duen talde atsegina da. Helduen taldeen artean, goraipatzekoak dira Orfej abesbatzako gizonak, eta Extracord talde interesgarria iruditu zitzaidan. Delaware Unibertsitateko taldeak ere lau sari ertain jasotzeko moduko lana egin zuen. Beren herrikideen antzera feeling kutsakorra zerien.
Frantziako Mikrokosmos alimaleko ekipoa da, profesionala, ñabarduretan jarduteko denbora hartzerik ez duen horietakoa. Eta Ukrainako Renaissance txikian talde polita da, baina guztiak batera irregulartasuna da nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu