Kultur hiriburutzen Europako Jarraipen eta Aholkularitza Batzordea "harrituta" azaldu da Donostia 2016 proiektuak izendapenaren osteko bileratik hona egindako aurrerapenarekin, eta "ziur" azaldu da fundazioan lanean hasi diren lagunek kultur hiriburutzaren egitasmoa aurrera eramateko duten eskarmentuaren inguruan. Batzordearen iritziz, Itziar Nogeras Donostia 2016ko zuzendari naguriak nahiz Guadalupe Etxebarria kultur zuzendariak "eskarmentua, ezagutza eta grina" dituzte.
Urriaren 15ean Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta 2016 Fundazioaren presidentea buru zuen Donostia 2016ko ordezkaritza batek aurkeztutako txostenari emandako erantzunean, Bruselako batzordeak aipatu du Europako Kultur Hiriburutzaren programa artistikoak eta komunikazioak ziurtatu egin behar dutela "hiria eta herritarrak" eta "europar dimentsioa" irizpideak behar diren bezala apikatuko direla, "proiektua soilik tokikoei zuzendutako euskal kulturaren ospakizun bat izan ez dadin". Batzordeak dioenez, "edozein tropismo mota saihets dadin".
Jarraipen eta Aholklaritza Batzordeak esan duenez, "kultur programaren fokua ondorengo honetan jarri beharko litzateke: Europako lurraldeetan dauden kultura eta hizkuntza gutxituen aberastasun eta aniztasunari buruzko kontzientzia sortzean Europan. Ildo horretan, batzordeak gonbidapena egin dio Donostia 2016ri Leeuwardenekin batera —duela gutxi 2018ko Europako Kultur Hiriburu aukeratu duten hiria— lankidetza aukerak aztertzeko, bereziki kultura eta hizkuntza gutxituei dagokienez; baita "irlandar bazkideekin ere, kultura erabiltzeko indarkeria gainditu eta elkarbizitza sustatzeko tresna gisa". 2013ko kultur hiria da Derry (Irlanda).
Aurrekontuaren banaketari dagokionez, batzordeak uste du baliabide gehiegi adjudikatu zaizkiola komunikazioari, soldatei, gastu orokorrei eta administrazioari, programa aristikoaren kaltetan. Horri lotuta, gonbidapena egin dio Donostia 2016ri banaketa hori berriz pentsatzeko.
Bestalde, 2015eko otsailerako "Espainia eta Europako turistentzat pakete turistiko erakargarriak" izango dituen programa artistikoa lotzeko eskatu dio batzordeak Donostia 2016ri.