'Buba eta Bubu' haurrentzako ikuskizuna estreinatuko du Kresalak

«Animalien eta pertsonen arteko ispilu lana» egin du dantza taldeak; abenduaren 26an emango dute obra

Maite Alustiza.
Donostia
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Hiru eta sei urte bitarteko haurrentzako dantza ikuskizuna sortu du Kresala dantza taldeak: Buba eta Bubu. Abenduaren 26an estreinatuko dute, Viktoria Eugenia antzokian, 17:30ean. «Haur baten ibilbidean ezinbesteko garrantzia duten bi osagai landu ditugu: emozioak eta pentsamendua, mugimendua eta hitza», azaldu du Faustino Aranzabal zuzendari artistikoak. Horrela, ekintzetatik hausnarketara doan bidea jorratu dute, «gauza txikien erreinuari» erreparatuz: maitasuna, jolasa, mina, poztasuna, beldurra, umorea...

Animalien irudikapenak nonahi agertzen dira ikuskizunean. Juan Luis Zabala idazle eta BERRIAko kazetariak egin du gidoia, eta hori oinarri hartuta, «animalien eta pertsonen arteko ispilu lana» egin du Kresalak. «Pertsonok ditugun bizioak, maniak eta tikak animalien nortasunean txertatu ditugu». Guztira zortzi dantzarik parte hartuko dute; zuzeneko musika, berriz, hiru musikarik jarriko dute: Oskar Estangak, Haritz Ezeizak eta Beñat Rallak. Saiorako espresuki sortutako piezekin batera, Amaia Zubiriaren bi abesti eta herri kanta baten bertsio bat izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.