Aurkikuntza arkeologikoa

Burdin Arokoak izan litezkeen aztarnak aurkitu dituzte AHTaren lanetan, Tafallan

Gune egituratu bat topatu dute, esparru baten parte izan daitekeena. Uste dute hortik gertu garai bereko beste esparru bat egon litekeela. Halere, gainazaleko geruzak baino ez dituzte aztertu oraindik

Eremu horretan topatu dituzte aztarna arkeologikoak. NAFARROAKO GOBERNUA
Berria
2021eko abuztuaren 18a
12:43
Entzun

Bigarren Burdin Arokoak (K. a. 400-100) izan litezkeen aztarna batzuk aurkitu dituzte Tafallako La Gariposan (Nafarroa), AHT abiadura handiko trenaren lanen eremuan, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Gune egituratu bat aurkitu dute, esparru baten parte izan litekeena, eta ikertzaileek uste dute handik gertu garai bereko beste esparru bat egon litekeela. Gainazaleko geruzak baino ez dituzte aztertu oraindik: ez dute aurkikuntzaren azalera osoa analizatu, ezta egituren munta eta kronologia ere.

Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailea drainatze lanak eta miaketa arkeologikoak egiten ari da AHTarentzat aurreikusitako ibilbidean. Behaketa horietako batean aurkitu dituzte aztarnak. Hain zuzen, Nafarroako Inbentario Arkeologikoak mugatutako gune baten ekialdean kokatzen dira egiturok: zedarritutako eremua erromatarren garaiko etxalde baten kokalekua izan zen.

Aurkikuntzaren gunea hesitu egingo dute laster (5.000 metro koadro inguru), Nafarroako Gobernuko Kultura Sailak aztarnak ikertuko baititu. Adifek adierazi duenez, ohikoak izaten dira gisa horretako aurkikuntzak trenbide azpiegiturak eraikitzen direnean; ez du uste eragina izango duenik AHTrentzat aurreikusitako ibilbidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.