Butakatik naturaren poesiarekin bat egitea

Oskar Alegriaren 'Zumiriki' lana ikustetik harriturik eta filma deskribatzeko hitz egokiak aurkitu ezinik atera dira ikusleak. Veneziako Zinemaldian erakutsi ostean, Euskal Herrian estreinatu du orain, Ikuspuntu jaialdiaren irekiera ekitaldian.

Oskar Alegria, astelehenean, bere filmaren estreinaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Hunkituta». Hala atera ziren ikusle asko astelehen gauean Iruñeko Baluarte auditoriumetik, Oskar Alegriaren film berria ikusi ondoren. Hitz egokiak topatu ezinik geratu ziren asko, zinemagile nafarrak naturan egindako egonaldia erakusten duen bi orduko lanean murgildurik burua. Zumiriki filma Euskal Herrian estreinatu zuen, Ikuspuntu jaialdiaren irekiera ekitaldian.

Alegriak Veneziako 76. Zinemaldian estreinatu zuen bigarren film luzea, irailean, eta oraindik etxean erakutsi gabea zuen. Horretarako hautatutako geltokia, Ikuspuntu jaialdia, ez da edonolakoa, Alegria bera izan baitzen jaialdiaren aurreko zuzendari artistikoa. Hori dela eta, haren ondorengoarentzat ere filmaren estreinaldia berezia izan zen. Honela mintzatu zen Garbiñe Ortega aretoan sartzeko ilaran zeudenak agurtzen zituen bitartean: «Hunkigarria da; opari bat. Lan honek gustuko ditudan ezaugarri guztiak ditu».

Pelikula hasi aurretik, Baluarteko sarrera jendez gainezka zegoen. Ilara kaleraino iristen zen, eta Alegria bera toki batetik bestera zihoan, geldiezin, lagunen artean gonbidapenak banatzen. Itxaroten ari zirenetako askok ezagutzen zuten zuzendariaren lana aurretik; beste batzuk, ordea «beren burua harritzen eta gozatzen uztera» joan ziren. Asun Eslavaren kasua da: zuzendaria ezaguna duelako joan zen pelikula ikustera. «Gogotsu nago Oskarren lana ezagutzeko, Venezian hautatu zutela jakin nuenean sorpresa handia hartu nuen eta», kontatu zuen. Hain zuzen, Orizzonti sailean hautatu zuten filma iaz, eta, horrez gain, Feroz sarietan ere film dokumentalik onenaren sarietarako aukeratu zuten.

Ikusleen artean hainbat zinemagile zeuden, bai eta zinema ikasten ari diren gazteak ere. Ez zirudien zinema dokumentaleko lan bat arrotz egingo zitzaienik. Kanpotik etorritakoak ere baziren, jaialdia nazioartean hartzen ari den ospearen erakusle. Monse Pujol, esaterako, bartzelonarra da, eta zinema esperimentala gustuko duelako dago egunotan Iruñean, jaialdiko Gazteen Epaimahaian parte hartzen. Ez zuen Alegria aurretik ezagutzen, eta ohartarazpen batekin joan zen estreinaldira: «Esan didate izugarri gustatuko zaidala ala gorrotatuko dudala». Bera ere, beraz, bere burua harritzen uzteko prest.

Aretoa lepo bete zen, eta bertaratutakoek txalo artean jaso zuten etxeko zinemagilea. «Plazer arraroa da pelikula hemen aurkeztea», adierazi zuen Alegriak. «Arraroa, Iparraldeko zentzuan: preziatua, maitatua». Aitari eskaini zion lana, hura «probokatu» duelako, eta baita amari ere, filmeko protagonista den ibaian «oso presente» dagoelako. «Gurasoak lotu zituen ibai horrek». Argiak itzaltzean, Alegriaren bidaia iniziatikoan murgildu ziren ikusleak beren butaketatik.

Filma osatzeko, zinemagileak lau hilabeteko egonaldia egin zuen Arga ibaiko txoko batean, Artazu herriaren parean (Nafarroa), haurtzaroan bere paradisu izandako Gorrizako zumirikia zenaren ondoan. Naturan murgildu zen, paisaiaren eta memoriaren bitartez haurtzarora itzultzeko. Emaitza lan sakona da, eta ikusleek adi-adi jarraitu zuten. Isilik, gozatzen. Irriak ere ez ziren faltatu, zuzendariak umorerako tarte ugari hartu baititu lanean.

Argiak berriz piztean txalo zaparrada bat zabaldu zen aretoan, eta zuzendaria taula gainean agertzean oihuekin hartu zuten. Alegria sakon mintzatu zen: «Amets bat bete dut. Uste dut pelikula hau amestu nuela, sortu baino lehen. Egin dut, eta pelikulan geratu naiz bizitzera; ez naiz itzuli». Besaulkietatik iruzkin bakarra egin zuten: «Hunkituta nago, ez dakit negar egin, edo zer...», esan zion mutil batek.

Aretotik kanpo, filmaz galdetuta, ikusle gehienek hitz bera errepikatzen zuten: poesia. «Oskar poeta hutsa da, eta baita filosofoa ere», adierazi zuen Joaquin Calderon zinemagileak. «Gainera, izugarri gustatzen zait bere umorea». Pablo Etxartek antzeko iruzkina egin zuen: «Aurreko lanean bezala [Emak Bakia (2012)], galdu diren gauzak modu poetikoan berreskuratzeko gaitasuna erakutsi du». Bai Alegriaren lehen lanak, bai berriak ere, harritu egin zituztela nabarmendu zuten biek.

«Ez dakit nola azaldu»

Hareago joan zen Javier Tolentino kultur kazetaria, eta «zinemari egindako omenaldia» zela adierazi zuen. Alegriak filma sortzeko bizitakoak ere miresmena eragin zion: «Meritu handia du egin duenak, eta irakaspen bat da: gauza gutxi batzuekin naturara itzul gaitezkeela erakusten du». Ikusle batzuek ez zuten iruzkinik egin nahi izan, hain zuzen, ez zituztelako hitz egokiak topatzen ikusitakoa adierazteko. «Gauza asko sentitu ditut, baina ez dakit nola azaldu», aitortu zuen Mikel Gonzalezek.

Ikuspuntu jaialdiaren helburuetako bat da pelikulak ikusteko toki bat baino gehiago izatea: konpartitzeko leku bat, elkargune bat. Astelehenean lortu zutela esan daiteke. Zumiriki filma bukatzean ikusle asko sarreran gertu ziren, ikusitakoa elkarrekin partekatzen. Seguruenik, atea zeharkatu ondoren ere askok jarraituko zuten Alegriaren bidaiaren inguruan hausnartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.