Caixaren eta Macba museoaren obra garaikideak Guggenheimen ikusiko dira

Bilboko pinakotekak 52 artistaren 93 obra bilduko ditu erakusketa batean urtarrilaren 31tik irailaren 2ra arte

Erredakzioa
Bilbo
2011ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Antonio Tapies, Sigmar Polke, Julian Schnabel, Jeff Wall, Antonio Saura, Michellangelo Pistolletto.... XX. mendeko artista esanguratsuenetako batzuen lanak erakutsiko ditu Bilboko Guggenheim museoak urtarrilaren 31tik irailaren 2ra arte. Caixa Fundazioaren eta Macba Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoaren bildumetako obrak dira guztiak. Guggenheimek jakinarazi duenez, XX. mendeko 40ko hamarkadatik gaur egunera ikus arteetan mugarri izan diren joerak aztertuko ditu erakusketak.

Arte garaikidearen alorrean, Europako bilduma garrantzitsuenetakoak dira Caixa Fundazioarena eta Macba museoarena,eta hau izango da beren egoitzetatik kanpo obra hauek elkarrekin ikusi ahal izango diren aurreneko aldia.

Erakusketak museoko hirugarren solairuko 2.000 metro koadro inguru hartuko ditu, eta sei ataletan egongo da banatua.

Aurrenekoa 36ko gerraren ostean sortutako Dau Al Set eta El Paso mugimenduei eskainia egongo da. Bigarrenean paisaiari lotutako argazkiak egongo dira, eta hirugarrenean —hori ere argazkigintzari eskainia—, erretratuak eta autorretratuak, baina ikuspegi garaikide batetik eginikoak.

Laugarren atalak aztertuko du 60ko eta 70eko hamarkadetan performanceak izan zuen garapena, eta bosgarrenak, berriz, 1988 eta 1990. urteen artean egindako obra monumentalak jasoko ditu.

Azken espazioan arintasuna eta sakontasuna lantzen duten hainbat lan egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.