KRITIKA. Dantza

Calonge bere bakardadean

nee
Igor Calonge, 'Née' piezaren une batean. DANIEL BLANCO / CIELO RASO
Agus Perez.
2024ko martxoaren 14a
05:00
Entzun

'NÉE'

Gure sorpresarako Igor Calonge bera agertu da eszenatokian. Izan ere, aspaldi utzi zion taula gainean agertzeari, urte batzuetan emana egon delako bere sorkuntzetan ari ziren dantzariak zuzentzera.

Beethovenen pianorako bosgarren kontzertuaren edertasunarekin hasi da dena, Calonge panpina puzgarri baten besoetan zetorrela, patxada handiz —maiestate handiz, hobeto esanda— munduari jaio berri baten inuzentzia eta pozarekin begiratzen ziolarik. Atzeko aldean Née (Jaioa, femeninoan) zegoen idatzita, bonbilla zuriz egindako bi metroko letra handitan, eta nik uste dut izendapen horrek bere zioa daukala, seguruenik oraingo honekin bizi-etapa berri bat zabaltzen zaiolako Calongeri, iraganaren gauza asko atzean utziz eta bakeak eginez bere barruko beldur eta zalantzekin.

Horrela izanik, bueltaka ibili da denbora batez behegainetik buruz behera etzanda, energia ikaragarriz eta, une batzuetan, eremu eszenikotik irtenez eta guzti, esango balu bezala, «hemen nauzue, behegainean bueltaka, ezin naiz beherago joan, baina hemendik abiatu behar, eta ikusiko dugu noraino ailegatzen garen».

Geroago, eta Beethoven ere atzean utzita, gitarra elektriko ahalmentsua eta perkusio industriala izan ditu lagun besteak beste, Calongerengan ohikoak direlako musika hautaketa iradokitzaile bezain inguratzaileak. Halako batean —batzuetan— erabat hutsik utzi du eremu eszenikoa, hura alde batetik bestera lasai-lasai zeharkatzen zuelarik besterik gabe, jakitun izan gintezen ikusten ari ginena zerbait diferentea izango zela eta horrela jokatzen zuela horretarako ahalmena zeukalako, esango balu bezala, «baliatu itzazue hutsune hauek musikaren eta argiztapenaren edertasuna antzemateko; ni, bitartean, ez naiz oztopo izango».

Mugimendu minimalista sinkopatu arinak eginez eman ditu geroko minutuak, eta hortik magia dantzatua tartekatu du bere diskurtsoan, begi artifizial bat eskuan zeramala eta horrela animalia baten burua irudikatuz. Une horretan uste izan dut piezaren punturik sublimeenean geundela, baina onenaren faltan geunden oraindik, orduan ekin baitio makina bat paperezko poltsa behegainetik banatzeari, eta orduan hasi baitira barruan zeuden izaki artegagarriak bizia hartzen, poltsak dardarka jarrita eta ausazko norabideetan mugiarazita.

Sublimea, benetan, eta are sublimeagoa atzeko letreroko bonbilla piztuen aurrean arropa erantzi eta kontrargi horretan une batez eta zeharo biluzik bere burua zintzotasun osoz guri, ikusleoi, eskaini digunean. Ezagutzen dudan ikusleren bat negarretan eta guzti irten da emanalditik, hain izan da indartsua gu guztiongan sortutako hunkidura.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.