Kultura

Campos Eliseos antzokiak bertan behera utzi ditu Wismichu youtuberraren emanaldiak

Ikuskizunak “emakumeak iraindu” eta pederastia “goratzen” zuelakoan egin zion EH Bilduk Udalari saioa bertan behera uzteko eskaria. Emanaldia “pribatuan” egiteko lekua bilatuko duela esan du youtuberrak

Inigo Astiz
2016ko martxoaren 19a
15:40
Entzun

Asteko polemika izan da, eta azkenean Bilboko Campos Eliseos antzokiak gaur hartu du erabakia. Bertan behera utzi ditu Wismichu youtuberrak gaur eskaini behar zituen “Hay un Wismichu en mí” eta “Meet & Greet” ikuskizunak. Udalaren idatzi bat jaso zuen atzo antzokiak emanaldia eginez gero ondorio legalak egon zitezkeela adieraziz, eta horregatik erabaki du azkenean antzokiak atzera egitea. Youtuberrak eutsi egiten dio, ordea, emanaldia eskaintzeko asmoari. Sare sozialetan azaldu duenez, ikuskizunak eskaintzeko beste leku baten bila dabil orain, eta sare sozialetan jakinaraziko du non izango den.

Ostegunean EH Bilduk Bilboko Udalean egindako salaketak piztu zuten polemika. Ikuskizunean emakumeak “iraindu” eta “pederasitaren eta indarkeriaren apologia” egitea egotzi zion koalizioak youtuberrari, eta emanaldia galarazteko eskatu zion Udaleko Berdintasun zinegotziari. Izan ere, aurrez ere izan du polemikarik Wismichu youtuberrak ikuskizun horregatik, Tenerifen ikerketa zabaldu baitu haren aurka adin txikikoen fiskaltzak. Eta antzokiaren kudeaketa pribatua den arren, haren jabetza udalarena denez, horregatik egin zion EH Bilduk emanaldia bertan behera uzteko eskaria.

Ostiralean atzera egin zuen koalizioak, halere. Emanaldia bertan behera uzteko eskaria “azkarregi” egin zutela onartuz, eta pederastia goratu izanarena frogatu gabe zegoela esanez. Koalizioaren hitzetan, youtuberrak berak onartu izan du bere bideoak “matxista, arrazistak eta xenofoboak” direla, eta horregatik udalari eskaria egin zion haren emanaldian emakumeen aurkako bortxa “banalizatzen” duen edukirik ez duela ziurtatzeko. Udalak emanaldiak arazo legalak eragin zitzakeela abisu ematen zion eskutitz bat bidali die Campos Eliseoseko arduradunei, eta horregatik antzokiaren erabakia. "Ez dira ikuskizuna eskaintzeko beharrezko baldintzak betetzen".

Polemika piztean sarrerak erosteko aukera eten zuen antzokiak, eta saioa bertan behera utzi zutela esatera eraman zituen horrek zenbait hedabide, baina antzokiak ez du gaur arte zehaztu emanaldia bertan behera utziko zuenik. Hainbat bilkura egin dituzte egunotan gaiari buruz eztabaidatzeko antzokiko arduradunek, eta gaur jakinarazi dute erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.