Orquestra Mondragon Donostiako talde ezaguneko Javier Gurrutxaga eta Pedro Aiestaran Popotxo izango dira Fantasiazko eta Beldurrezko 24. Zinema Astearen karteleko protagonistak. “Kartelarekin kutsu klasikoa, zuri-beltzekoa eman nahi izan diogu aurtengo irudiari”, esan du Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariak. Karteleko irudia Tod Browningen The Unknown filmean (1927) oinarritu dute. Lon Chaney aktore protagonista irudikatzen du Gurrutxagak, eta Cojo haren laguntzaile izan zen ipotxa Popotxok. “Omenaldi bat egin nahi genion Orkestra Mondragonen lanari. Ez bakarrik hemengoak [Donostiakoak] direlako, baizik eta fantasiazko estetika beti indartsua izan delako haien lanetan”, azaldu du Beltranek.
Kartela bera erakutsi aurretik, prestaketen making-off-aren bideoa jarri dute. Argazkia Jose Luis Lopez de Zubiriak egin du, kartelaren diseinua Ytantos estudioak, eta dekoratua ESCIVI Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolako ikasleek, Meno Martinek zuzendurik. Gurrutxagak berak eta Beltranek talde osoaren lana eskertu dute. Gurrutxagaren esanetan, “ohore bat izan da Lon Chaney irudikatzea, mila aurpegiko gizona artista bat”. Orquestra Mondragon taldeak hirugarren diskoan Garras humanas abestia eskaini zion film horri.
Kartela aurkezteaz gain, Fantasiazko eta Beldurrezko 24. Asteko berrikuntzak aurreratu ditu Beltranek. Alde batetik, festibalaren antologia, ziklo monografikoa, “noizbehinka mitikoak izan diren film etxeei ireki nahi diegu”, adierazi duenez. Hala, Cannon Filmsi eskainiko zaio zikloa, 80ko hamarkadan zinema fabrika ospetsua izan zen ekoiztetxeari. Bertan, besteak beste Invasion USA (1985), American Ninja (1985), Cobra (1986) eta Kickboxer (1989) akzio fimak emango dituzte, eta genero fantastikoko Lifeforce (1985), The Texas Chainsaw Massacre 2 (1986), Invaders from Mars (1986) eta Masters of the Universe (1987) filmak ere gogoratuko dituzte.
Azkenik, Syfy telebista katearekin lankidetzan, ExpoSyfy: fantasiazko bidaia erakusketa egongo da ikusgai Okendo kultur etxean, urriaren 26tik abenduaren 7ra. Bertan, zinema fantastikoaren eta zientzia fikziozko zinemaren izenburu esanguratsuenetako batzuen jatorrizko pieza eta errepliken bilduma jasoko da. Besteak beste, Terminator, Jumanji, Blade Runner, Scream eta Jurassic Park filmetako armak eta efektu bereziak lortzeko gailuak erakutsiko dira. Erakusketa Bartzelonan, Madrilen eta Valentzian egon da ikusgai.