Cano, Uribe, Jaio eta Etxarte izango dira Bartzelonako Literaldian

Joseba Sarrionandiaren 'Moroak gara behelaino artean?' katalanera itzulita aurkeztuko dute bihar Euskal Etxean

Erredakzioa
2013ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Juantxo Skalari musikari nafarrak atzo Euskal Etxean emandako kontzertuarekin hasi zen aurtengo Literaldia, Bartzelonan. Bederatzigarren urtez antolatu dute euskal literatura Katalunian ezagutarazteko jardunaldia. Liburuak, azkenaldian argitaraturikoak, eta idazleak izaten dira protagonista, baina bestelako kultur ekitaldiak ere antolatzen dituzte ia hilabete irauten duen egitarauan.

Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? saiakera liburuaren katalanezko itzulpena (Som com moros dins la boira?) aurkeztuko dute bihar Euskal Etxean bertan. Pol-len Edicions etxe katalana eta Pamiela izan dira katalanezko edizioaren arduradunak. 20:00etan izango da aurkezpena, eta, ondoren, musika emanaldia izango da dohainik.

Azken hilabeteetan liburu berriak aurkeztu dituzten idazleak ere izango dira Bartzelonan. Karmele Jaiok Ez naiz ni (Elkar) ipuin liburua aurkeztuko du apirilaren 19an. Apirilaren 23an, Sant Jordi egunez, Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano euren liburuak sinatzen izango dira Euskal Etxeak Rambletan jarri ohi duen erakusmahaian Liburuaren Nazioarteko Egunean. Gainera, Canok kritika ezin hobeak jaso dituen Twist (Susa) nobela aurkeztuko du arratsaldez Euskal Etxean. Hedoi Etxarte poeta gazteak, aldiz, Sinplistak liburua (Susa) aurkeztuko du hilaren 25ean.

Kontzertuak eta beste

Euskarazko literatur produkzio berrienarekin loturiko aurkezpenez gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira Literaldian. Musika izango da beste elementu nagusia. Mugaldekoak taldeak musika eta poesia uztartzen dituen Begiak lekuko emanaldia eskainiko du etzi. Joseba B. Lenoirrek Instroak vol.2 diskoa aurkeztuko du apirilaren 20an. Aurtengo ekitaldiari amaiera apirilaren 27an emango zaio, Sleepwalker's Station taldearen kontzertuarekin. Horrez gain, bakarrizketak, ipuin kontaketak, hitzaldiak eta euskara ikasleen lehiaketak ere egingo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.