Euskal Konpositoreen Bildumari amaiera emanez, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Carmelo Bernaola musikagilearen lau lanekin osatutako diskoa kaleratu du, Juanjo Menaren zuzendaritzapean eta Leticia Moreno biolin jotzailearen parte hartzearekin iazko udan grabatua. Fanfarria-preludio (1995), Piezas caprichosas (1997), Sinfonia nº 2-eko (1980) lau atal eta Fantasías (2001) dira grabaziorako hautatutako lanak, eta grabazioak 63 minutu irauten du guztira.
Grabaziorako Bernaolaren obrak hautatzean, aurretik grabaziorik ez zutenei eman diete lehentasuna Juanjo Mena zuzendariak eta Jose Luis Garcia del Busto musikologoak, Bernaolaren biografiaren idazleak.
Jesus Guridiren lanekin osatutako diskoaren grabazioarekin ekin zion EOSek Euskal Konpositoreen Bildumari 1997an, eta Bernaolaren lanekin egindakoa bildumako hamabosgarren eta azkena da. Gainerako hamahiru diskoek egile hauen lanak bildu dituzte: Jose Maria Usandizaga (1998), Jesus Aranbarri (1999), Andres Isasi (2000), Francisco Escudero (2001), Pablo Sorozabal (2002), Aita Donostia (2003), Tomas Garbizu (2004), Aita Madina (2005), Juan Crisostomo Arriaga (2006), Luis de Pablo (2007), Beltran Pagola (2008), Valentin Zubiaurre (2010) eta Pedro Sanjuan (2011).