Lau emanaldi eskainiko ditu gaur Hamabostaldiak, tartean Casals laukote espainiarraren kontzertua Viktoria Eugenian. Vera Martinez, Abel Tomas eta Jonathan Brown biolinistek eta Arnau Tomas biolontxelo jotzaileak osatzen dute taldea. Luigi Boccherini italiarraren Kuartetoa sol minorrean obrarekin hasiko da kontzertua; biolontxelo jotzaile eta konpositoreak obra ugari idatzi zituen harizko musika tresnentzat. Ondoren, Bela Bartok konpositore hungariarraren4. Kuartetoa interpretatuko du taldeak. 1929an estreinatu zen obra hori, Budapesten, eta musikariaren ibilbideko lanik nabarmenena da askorentzat. Haren jaiotzaren 130. urteurrena da aurten, eta, hala, Bartok da Hamabostaldiak omenduko dituen artistetako bat, eta presentzia handia du aurtengo egitarauan. Ludwing van Beethovenen azken etapako obra batek emango dio amaiera emanaldiari, 15.kuartetoa la minorrean lanak hain zuzen. Bere garaian harrera eskasa izan zuten Beethovenek sortutako hamasei kuartetoek, baina artistak berak iragarri zuen bezala, geroan musikari askorentzat erreferentzia izan ziren, baita Bartokentzat ere. Hainbat adituk baieztatu izan dute Beethovenen kuartetoek eraginda idatzi zituela hungariarrak bereak. Hori dela eta, «esanahi berezia» du kontzertuan biak elkartzeak, antolatzaileek adierazi dutenez.
Bianchi, Guridi gogoratuz
Organo zikloaren barruan, Alessandro Bianchi italiarrak emango du kontzertua. 1914an Walcner etxeak egindako organo erromantikoan, Jesus Guridi konpositore gasteiztarra ekarriko du gogora, aurtengo beste omendu bat. Alexandre Guilmant eta Jehan Alain organistek ere protagonismo berezia izango dute; izan ere, Guilmanten heriotzaren eta Alainen jaiotzaren lehen mendeurrena da aurten. Marco Enrico Bossi, Bonaventura Somma, Enrico Bossi eta Joseph Bonneten lanekin osatuko du Bianchik errepertorioa.
Antzinako Musikaren Zikloaren barruan, Accademia del Piacere boskoteak XVI. eta XVII. mendeetako musika espainiarra joko du, Urrezko Mendea deituriko garaikoa, hain zuzen. Fahmi Alqhaik zuzendutako taldea horren anaia Rami Alqhaik eta Enrique Solinis, Alberto Martinez Molina eta Pedro Estevanek osatzen dute. Viola da gamba, bihulea, gitarra barrokoa, klabezina eta perkusioa jotzen dituzte, eta Antonio de Cabezon, Bartolome de Selma eta Cristobal de Moralesen konposizioak interpretatuko dituzte, besteak beste.
Bihar 19:00etan, Arantzazun, Xabier Leteren omenez egingo den kontzerturakosarrerak amaitu dira dagoeneko, baina emanaldia izan baino bi ordu lehenago, 17:00etan, beste 200 sarrera jarriko dira salgai Arantzazun bertan.
Donostiako 72. Musika Hamabostaldia
Casals laukoteak hasiko du Bartoken omenaldia
Accademia del Piacere boskoteak zabalduko du Antzinako Musikaren Zikloa, gaur, Santa Teresan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu