Zein izan zen lehenengo? Sortzailea ala pertsonaia? Egilerik gabe ez zatekeen izango pertsonaiarik, baina batzuetan fikzioan eraikitako gizakiek gainditu egiten dituzte beren sortzaileak ere. Hala gertatu zen Charlotekin. Charlie Chaplinek sortu eta haragitu zuen etxegabeak mundu osoko ikusleak liluratu zituen XX. mendeko lehen hamarkadetan, sortzailea, bibote txiki haren atzean ezkutatzen zen zinemagilea ia ezkutatzeraino. The Tramp, leku askotan —Euskal Herrian adibidez— Charlot izenarekin ezagutzera eman zuten pertsonaiak ehun urte bete ditu gaur. Ordea, hori baino bost egun lehenago azaldu zen aurrenekoz zineman Chaplin bera Making a Living filmean, 1914ko otsailaren 2an.
Vaudeville eta komedia piezekin bere jaioterrian ezagun egin ondoren, Charles Chaplinek (Ingalaterra, 1889-Suitza, 1977) bira oso arrakastatsua egin zuen Amerikako Estatu Batuetan 1912an, eta Ingalaterra "triste eta etsigarrira" —beraren hitzetan—itzuli bazen ere, Fred Karnoren konpainiarekin bigarrenez bueltatu zenean, han gelditu zen. New York Motion Picture Companyk Fred Mace izarra ordezkatuko zuen norbait behar zuen, eta Chaplin oholtza gainean ikusi ostean, hura aukeratu zuten horretarako. Aktore ingelesari ez zitzaizkion gustatzen konpainiaren filmak, baina onartu zuen eskaintza. Garai berri bat hasiko zuen.
Making a Living-en, Chaplinek aristokrata ingeles faltsu baten rola bete zuen. Kazetari lana lortu ostean, lankide bati argazki kamera eta hainbat ohartxo lapurtuko dizkio eta horrek hainbat ateraldi komiko ekarriko ditu. Dena hamabost minutuan. Chaplini berari ez zitzaion gustatu filma, baina kritikariek goraipatu egin zuten haren lana.
Bost egun geroago iritsi zen aretoetara Chaplin protagonista zuen bigarren filma. Chaplinen bigarrena, baina Charloten lehenengoa: Kid Auto Races at Venice. Han agertu zen aurrenekoz gerora hain ezaguna egingo zen pertsonaia, bere bibote txikiarekin, bere kapelarekin, zapata handiekin.... "Dena kontraesankorra izatea nahi nuen", adierazi zuen Chaplinek bere autobiografian, Charlot, The Tramp, nola sortu zuen azaltzeko orduan: "Praka zabalak, beroki estua, kapela txikia eta zapata luzeak... horiei bibote txiki bat gehitu nien, pentsatzen nuelako zaharrago egingo ninduela. Pertsonaiaz ez nekien ezer. Baina jantziak soinean jarri eta makillatu bezain laster, bera sentitu nuen neure burua. Ezagutzen hasi nintzen".
Haren ostean beste hamaika film egin zituen Chaplinek oso aste gutxian, denak Charlot pertsonaiarekin, baina zuzendari batekin eztabaidatu ondoren, bota egin zuten. Zinema aretoek, ordea, Chaplinen filmak nahi zituzten, eta berehala hasi zen berriro ere lanean. Mark Sennett ekoizleak, gainera, baimena eman zion Chaplini filma berak zuzentzeko. Caught in the Rain, 1914ko maiatzaren 4an estreinatu zuten, eta arrakasta handia lortu zuten.
Lehenengo film haietan Charloten pertsonaia gordina zen, baina apurka-apurka, Chaplin goxatuz joan zen, erromantikoagoa bihurtuz, eta horrek jendearen babesa ekarri zion. 1915erako izar handia bilakatua zen Chaplin, eta Charlot panpinak saldoka saltzen ziren AEBetan.
Gero etorri ziren haren film handiak: The Kid, A Woman of Paris —Charlot gabe—, The Gold Rush, City Lights, Modern Times, The Great Dictator...