Gaurtik urtarrilaren 5era arte Eibarren (Gipuzkoa) bilduko dira EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrako 55 musikari. Charles Chaplinen City Lights film mutuaren inguruan ariko dira lanean, eta erronka bati egin beharko diote aurre: filmak irauten duen 86 minutuetan musikaren eta irudien arteko «sinbiosi perfektua» transmititu beharko diete ikusleei. Juan Jose Ocon donostiarrak zuzenduko ditu orkestrako gazteak. Irakasleen artean, berriz, Catalin Bucataru, Paul Cortese, Herve Michaud eta Javier Alonso musikariak izango dira. Topaketan egindako lana erakusteko aukera urtarrileko lehen egunetan izango dute. Hilaren 2an Bilbon izango dira, Euskalduna jauregian, 20:00etan. Urtarrilaren 3an Gasteizen joko dute, Principal antzokian, 20:30ean. Hilaren 4an, berriz, Donostian ariko dira, Kursaalean, 20:00etan.
Aurtengo topaketarako aukeratu duten filmak «musika bikaina eta garaien gainetik dauden funtsezko balio unibertsalak uztartzen ditu», EGOk adierazi duenez. Musikaren eta balio positiboen aldeko apustua egin du EGOk; horrekin batera, bi helburu nabarmendu ditu: publiko berria sortzea eta orkestra profesionaletan gero eta ohikoagoa den errepertorio mota lantzea.
1931n estreinatu zuten City Lights komedia-drama erromantikoa. Lore saltzaile itsu baten eta harekin maitemintzen den gizonezko baten istorioa kontatzen du filmak. Tartean, gainera, bestelako gaiak jorratzen ditu Chaplinek, hala nola interesik gabeko eskuzabaltasuna, gizarte arazoak, klaseen arteko ezberdintasuna eta diruaren boterea. Chaplinekin berarekin batera Virginia Cherrill, Florence Lee, Harry Myers eta Hank Mann aktoreak ageri dira.
Chaplinen 'City Lights' film mutua izango du ardatz EGOren neguko topaketak
Musikaren eta irudien arteko sinbiosia lortu beharko dute Euskal Herriko Gazte Orkestrako 55 kideek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu