Charles Dickensen inguruko erakusketarik handiena ireki dute Londresen

Idazlearen eta haren musa izan zen hiriaren arteko lotura aztertu dute 'Dickens eta Londres' azokan

Ane Urrutikoetxea.
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Londres hiria izan zen Charles Dickens (1812, Portsmouth) idazlearen musa. Gauetan, lorik egin ezinda zebilenean, hiriko kale estu eta zikinetan ibiltzen zen, eta bertan ikusten zituen miseriak inspirazio iturritzat erabiltzen. Dickensek eskuargi magikoa ezizena jarri zion Londresi, bertan girotu baitzituen idatzitako nobela gehienak. 1812ko otsailaren 7an jaio zen Dickens, eta haren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko, haren obra biltzen duen Dickens eta Londres erakusketarekin omendu du hiriak.

Londresek ez du idazlearen inguruko erakusketarik antolatu 70eko hamarkadatik, eta oraingoan Erresuma Batuko azokarik handiena egin dute. Erakusketaren helburua, Dickensek XIX. mendeko Londresen deskribatutako egoera soziala erakustea da. Garai hartako industrializazio azkarrak hiritarrengan izan zuen eragina islatu zuen idazleak bere lanetan.

Charles Dickensen nobela guztiak Londresen girotuak daude, Hard Times izan ezik. Yorkeko unibertsitateko irakasle John Bowensen arabera, langileen eta txiroen alde egin zuen beti idazleak: «Ez zen iraultzailea, erreformista erradikala eta errukiorra baizik».

Miseriaren ahotsa

Dickens aberatsa izatera iritsi zen arren, hamabi urterekin betun fabrika batean lan egin behar izan zuen, aitari nolabait laguntzeko. Esperientzia horrek izugarri eragin zion, Bowensen iritziz, eta handik atera ziren Oliver Twist eta David Copperfield pertsonaia klasikoak: «Dickens beti izan da eta izango da miseria pairatu dutenen ahotsa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.