"Argazkilaria baino gehiago, artista kontzeptuala eta poeta bisuala da Madoz". Berehala ulertzen da Oliva Maria Rubio komisarioaren esana Chema Madozen (Madril, 1958) irudiei begiratzean: lainoa kaiolan preso, gitarra kaxa hilkutxa balitz bezala lurpera sartzen, sarraila bihurtzen den giltza, perlazko koilarea urka-bilur batean, landare adar mehearen itzala besoko zain bilakatuta. Harremanetan jartzen ditu ustez harremanik ez duten objektuak —zapatak, liburuak edo erlojuak lakoak, nola berak estudioan eraikitakoak—, horien atzean datzan ironia azpimarratzeko eta ikusmenaren tranpak ikertzeko; azkenean, zentzu berriak bilatzeko. Esanahi berrien bilaketan autore surrealisten "ahaide" da Madoz, Maria Rubioren arabera.
Gizaki figurak lantzen hasi zuen bere bidea Madozek, eta garai horretako zenbait argazki ere batu dituzte erakusketan. 1990eko hamarkadan, baina, "krisi sakon" bat izan zuen, eta objektuen kontzeptua garatu du ordutik, erakusketaren zati handienean ikus daitekeenez.
Argazkilaritza bere sorkuntzak irudikatzeko bitarteko bat baino ez da Madozentzat, eta estllo propio horrek hainbat sari ekarri dizkio, besteak beste, Espainiako Argazkigintzako Sari Nazionala 2000. urtean. Gaur egun, Espainian argazkilaritzatik bizi diren gutxietako bat dela nabarmendu du Maria Rubiok.
Osasun arazoak direla tarteko, Madoz ez da egongo erakusketaren inaugurazio saioan bihar, baina, antolatzaileek aurreratu dutenez, litekeena da irailean etortzea Donostiara eta interesa dutenekin topaketa bat antolatzea.