Chinua Achebe bere herrialdeko idazle ospetsuena izan zen, baita Afrikako garrantzitsuenetakoa ere. Hain zuzen ere, Things Fall Apart bere lana Afrikako literatura modernoaren abiapuntutzat jotzen dute aditu askok. Liburu hori euskaraz ere irakur daiteke, Literatura Unibertsala bildumaren barruan argitaratu baitzuten 2007an, Alberto Martinez de la Cuadrak itzulia: Gainbehera dator dena. Liburu horretan kolonialismoaren kode eta balioek Nigerian izan zuten eragina aztertzen du Achebek.
Hain zuzen ere, beti nabarmendu zen Achebe kolonialismoaren eta arrazakeriaren aurkako borrokan. Eta ezaguna da 1975ean Joseph Conrad idazlea eta haren Heart of Darkness eleberri ospetsua arrazistatzat jo zituenekoa. Lehendabizi, hitzaldi batean aipatu zuen, eta gerora baita argitaratu ere.
Things Fall Apart (1958), No Longer at Ease (1960), Arrow of God (1964), A Man of The People (1966) eta Anthills of The Savannah (1987) eleberriak idatzi zituen, baita ipuin, saiakera, poesia eta haurrentzako lanak ere.
Chinuaren beste istorio bat (Bake zibila) Susa argitaletxeak kaleratu zuen 1989an, Bake zibila eta beste zazpi gerra ipuin bildumaren barruan. Maddi Alvarezek itzuli zuen.