Artea

Christo 'biltzailea' hil da

Bulgarian jaiotako artista eraikinak, monumentuak eta paisaiak oihalekin biltzeagatik egin zen ezagun.

Berlingo Reichstag legebiltzarra bildu zuen Christok 1995. urtean. QWESY QWESY
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 1a
07:39
Entzun

Berlingo Reichstag, Parisko Pont Neuf, New Yorkeko Central Parkeko ateak... Eraikinak, eta baita uharteak ere, oihalean edo plastikoan biltzean zetzan Christo artistaren artea. Gaur gauean hil da artista, 84 urte zituela.

Christo Vladimirov Javacheff Bulgarian jaio zen, 1935. urtean. Jeanne-Claude Denat de Guillebon emaztearekin aritu zen lanean, eta bien izenekin sinatzen zituzten lanak. Haren Facebookeko kontuan eman dute heriotzaren berri, eta «berezko heriotza» izan duela nabarmendu dute. «Christok muturreraino bizi zuen bere bizitza, ez bakarrik ezinezkoa zirudiena irudikatzen, baizik eta hura egia bihurtzen». Haren arteak «jendea batzen» zuela gaineratu dute.

Hala gertatu zen 1995. urtean Berlinen, esaterako. Eskulturaren, instalazioaren eta happeningaren arteko nahasketa izan zen Reichstag legebiltzarra biltzekoa. Ia 100.000 metro koadro oihal sintetiko erabili zituen, eta 15 kilometro soka. Ekainaren 17an hasi eta 24an amaitu zuen lana. Uztailaren 7an hasi ziren oihala kentzen eta eraikina berriz askatzen, eta, ordurako, bost milioi pertsonak ikusi zuten artelana, bertatik bertara. Jaialdi handia bihurtu zen egitasmoa.

Mundu osoan ibili zen Christo, emaztearekin, lanak sortzen. Iseo aintziran (Sulzano, Italia), 10.000 metro koadro oihal hori erabili zituen. Orduan, paisaia bildu baino, bisitarientzako pasabide flotagarri bat sortu zuen, 2016. urtean, eta ikusleak bere sorkuntzaren gainean ibili ahal ziren, beste kristo hura uren gainean ibili omen zen bezala.


Bisitariak Iseo aintziraren gainean ibiltzen, Christok 2016. urtean eginiko artelanean. Marcio De Assis

«Lekuak hartzen ditugu, eta eraldaketa goxoak eragiten dizkiegu, egun batzuetarako». Horrela deskribatu zuen behin bere artea.

Denat de Guillebon 2009. urtean hil zen, 74 urterekin.


Parisko 'Pont Neuf', Christok bilduta, 1985. urtean. Airair

Christok burutu gabeko egitasmoak utzi ditu. Udazken honetarako, Parisko Garaipenaren Arkua biltzeko asmoa zuen. Azkenean, datorren urteko irailaren 18rako utzi zuten, COVID-19aren izurriarengatik. Christok garaietara moldatzen zituen bere lanak: egitasmoaren arabera, 30.000 metro koadro polipropilenorekin biltzekoa da monumentua, baina plastiko «birziklagarria» izango zela nabarmendu zuen artistak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.