The Daily Telegraph egunkariak eman du gaur goizean albistea: Christopher Lee aktore ingelesa zendu da, 93 urterekin.
Christopher Lee (Londres, 1922) Hammer ekoiztetxeak 50eko hamarkadaren amaieran eta 60koan ekoitzi zituen beldurrezko film askoren protagonista izan zen, eta, hain zuzen ere, Dracula konde banpiroaren rolari lotuta egon zen hainbat urtez. Terence Fisher zuzendari laudatuaren esanetara, Dracula (1958) eta Dracula: Prince of Darkness generoaren izenburu ezinbestekoak egin zituen, baina Fisher izan zuen gidari orduko beste hainbat lanetan ere, guztiak Hammer ekoiztetxearekin: The Curse of Frankenstein (1957), The Man Who Could Cheat Death (1959), The Mummy (1959)....
Behin baino gehiagotan itzuli zen munstro klasikoen zinemara, baita Hammer ekoiztetxetik kanpo ere, eta beldurrezko generoari lotuta egon zen haren ibilbidearen parte handi bat. Nolanahi ere, azkeneko urteetan bestelako lanek ere oihartzun handia eman zioten, hala nola The Lord of The Rings trilogiako Sarumanek.