Donostiako 66. Zinemaldia

Claire Denis, Naomi Kawase eta Valeria Sarmiento Sail Ofizialeko lehian izango dira

Kim Jee-woon, Benjamin Naishtat, Simon Jaquemet eta Markus Schleinzerren lanak ere Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira.

Claire Denisen 'High Life'. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
mikel lizarralde
2018ko uztailaren 13a
11:49
Entzun

Donostiako 66. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko diren aurreneko zazpi filmak iragarri dituzte gaur antolatzaileek: Markkus Schleinzerren Angelo (Austria-Luxemburgo), Simon Jaquemeten Der Unschuldige (Suitza-Alemania), Claire Denisen High Life (Frantzia-Alemania-Erresuma Batua-Polonia, AEB), Kim Jee-woonek Illang: The Wolf Brigade (Hego Korea), Valeria Sarmientoren Le Cahier Noir (Frantzia-Portugal), Benjamin Naishtaten Rojo (Argentina-Frantzia-Herbehereak-Brasil-Frantzia) eta Naomi Kawaseren Vision (Japonia-Frantzia).

Claire Denis (Paris, 1946) —Beau travail eta White Material obren egilea, besteak beste— lehen aldiz lehiatuko da Urrezko Maskorra lortzeko, High Life filmarekin. Zientzia fikzioko film horretan, berriz ere aritu da Juliette Binoche aktorearekin, Un beau soeil intérieur-en ondoren —iaz, Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldia irabazi zuen, ex aequo Philippe Garrelekin—, eta Robert Pattinsonekin.

Naomi Kawase (Nara, Japonia, 1969) bigarrenez saiatuko da Urrezko Maskorra lortzen, 2010ean Genpin, Fipresci sariaren irabazlea, aurkeztu eta gero. Orain, bere azken bi filmekin —An / Sweet Bean eta Hikari, hurrenez hurren— Un Certain Regard sailean eta Canneseko lehiaketa ofizialean parte hartu eta gero, Vision ekarriko du Donostiara, bere jaioterriko probintzian filmatu duen obra bat. Denisen filmean bezala, Juliette Binoche fda protagonista Masatoshi Nagaserekin batera.

Kim Jee-woon (Seul, 1964) ere bigarrenez izango da Donostiako Sail Ofizialean.  2010ean Ang-ma-reul bo-at-da / I Saw the Devil aurkeztu ondoren, Illang: The Wolf Brigade filmarekin parte hartuko du korear zuzendariak. Mamoru Oshii-k (Ghost in the Shell) idatzitako Jin-Roh anime-aren remakea da filma, eta Keberos Panzer Cops polizia-indar bortitza du ardatz.

Valeria Sarmiento (Valparaíso, Txile, 1948), halaber, bigarrenez lehiatuko da Sail Ofizialean, zuzendari gisa, duela bi hamarkada baino gehiago (1995ean) Elle aurkeztu eta gero. Baina Sarmientok Zinemaldiarekin duen lotura hamar urte lehenago hasi zen, haren lan-ibilbidearen hasieran, 1984an Zuzendari Berrientzako Donostia Sari Nagusia irabazi zuenean bere lehen fikziozko film luzeari esker (Notre mariage). Zinemaldian, Zabaltegin parte hartu zuen azkenekoz, 2012an sail horretan programatu baitzuten haren filma, As Linhas de Torres / Lines of WellinghtonLe cahier noir, Frantzia eta Portugalen arteko koprodukzioa, Camilo Castelo Brancoren Livro Negro de Padre Dinis eleberrian dago oinarrituta. Egile berarena da Sarmientok muntatutako Mistérios de Lisboa, halaber, Raul Ruizi zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra ekarri zion filma (2010). Hain zuzen ere, Mistérios de Lisboa obran ere agertzen den pertsonaiaren prekuelatzat har daiteke Livro Negro de Padre Dinis.

Rojo Benjamin Naishtaten (Buenos Aires, 1986) hirugarren film luzea da. Haren lehenengo lana, Historia del miedo, 24. Zinema Eraikitzen sailean aukeratutako filmetako bat izan zen, Berlinen lehiatu zen 2014an, eta Horizontes Latinos sailean ere proiektatu zuten. Bigarrena, El movimiento (2015), Locarnoko sail ofizialean izan zen. Rojo 70eko hamarkadako Argentinan dago girotuta, diktadura hasi aurreko urteetan, eta Darío Grandinetti, Andrea Frigerio eta Alfredo Castro ditu antzeztaldean.

Markus Schleinzer (Viena, 1971) Canneseko sail ofizialean lehiatu zen bere lehenengo lanarekin (Michael). Donostian, bere bigarren film luzea aurkeztuko du: Angelo. Schleinzerek Casanova Variations filmaren gidoia idatzi zuen Michael Sturminger zuzendariarekin batera, eta 2014an Urrezko Maskorra lortzeko lehian parte hartu zuen lan horrek. Orain, nahitaez europartutako afrikar baten istorioa hartu du hizpide. Makita Samba, Alba Rohrwacher eta Larisa Faber dira protagonistak.

Azkenik, Simon Jaquemetek (Zurich, 1978) 2014an estreinatu zuen bere lehenengo lana, Chrieg / War  Zinemaldiaren Zuzendari Berriak sailean. Bigarren filmarekin (Der unschuldige / The Innocent) Donostiara itzuliko da, Sail Ofizialera, iraganak fededunen komunitate batean harrapatu duen emakume baten erretratuarekin.

Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmak datozen asteetan iragarriko dira. Donostiako Zinemaldia irailaren 21etik 29ra egingo da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.