«Ez da posible eragin handia duten pertsonak sexu gehiegikeriaren arazoari kasurik ez egitea edo garrantzia kentzea». Salaketa garbi hori eginez baina era berean «pozik» eta «ia sinetsi ezinik» jaso zuten Epaimahaiaren Sari Berezia Judith Colell eta Jordi Cadena zinemagile kataluniarrek. Biek ala biek erakutsi zuten desioa Elisa K filmak «lotsa, lotsa handia sor diezaien sexu gehiegikeriak estaltzen dituzten horiei». Epaimahaiak emandako sariak garrantzi handia duela nabarmendu zuten Colell eta Cadenak: «Bultzada handia ematen dio filmari, eta filmak adierazi nahi duenari, eta guri ilusio berezia egiten digu, Epaimahaiaren Saria izanik argudiatu egin behar izaten dute eta». Epaimahaiak filma saritzeko emandako argudioa honako hau izan zen: «Errugabeek egunerokoan zein bortizkeria paira dezaketen erretratatzen du filmak».
Filma zuri-beltzean egindakoa da, baliabide gutxirekin, zinema lengoaia eta estetika bat erabiliz eta hizkuntza modura katalana erabiliz: «Film txikia, erradikala eta errebeldea da. Filma egitean ez genuen izan leihatilaren presiorik, eta horrek askatasun handia ematen dio egileari. Horrek ez du esan nahi publikoak ez ikusterik nahi dugunik, guztiz kontrakoa, ahalik eta jenderik gehienak ikustea nahi dugu. Zorionez, Katalunian eskola bat sortu da; zinemagile oso onak daude, eta zinema mota horretan inbertitzen ari dira. Aniztasun handia dago».
DONOSTIAKO 58. ZINEMALDIA
Colell: «Filmak sexu gehiegikerien aurkako kontzientziazioan laguntzea espero dugu»
Ekoizpen txikien aldeko aldarria egin dute Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi duen 'Elisa K'-ren egileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu