Larunbatean puntuaketek behera egin ondotik, gora egin zuten atzo, Murgian jokatutako finalaurrekoan. Sustrai Colinak irabazi zuen finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioa. Colinarekin batera, Beñat Gaztelumendik, Aitor Mendiluzek, Unai Agirrek eta Fredi Paiak ere finalaurrekoen bigarren itzulian kantatuko dute datozen bi astetan. Ofizioetan nork beretik eta goitik eman zuten. Kartzelakoan, behera egin zuten. Xabier Silveira izan zen Murgiako saiotik aurrera egin ez zuen bakarra. Ez zen oholtzan eroso antzematen Silveira, saioa txukun hasi zuen arren.
1.180 bertsozale gogotsu bildu ziren Palatu kiroldegian, eta saioa behin baino gehiagotan lehertu zen. Paia iritsi zen gehien bertsozaleengana. Lehen itzuliko azken finalaurrekoa zenez, zein sei bertsolarik ez zuten aurrera egingo zehaztu zen. Beñat Lizasok, Odei Barrosok, Xabier Silveirak, Jon Maiak, Nerea Elustondok eta Amaia Agirrek bukatu dute txapelketako ibilbidea lehen itzulian. Beraz, datozen bi asteburuetan jokatuko diren bigarren itzuliko saioak ere zehaztu ziren:
Azaroak 23, Elizondo: Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Mantxi, Jokin Uranga, Unai Iturriaga eta Julio Soto.
Azaroak 24, Donostia: Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Fredi Paia, Etxahun Lekue eta Jon Martin.
Azaroak 30, Maule: Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Unai Agirre, Jone Uria, Agin Laburu eta Jexux Mari Irazu.
Bi itzulietako puntuen zazpi batura altuenak dituztenak sartuko dira abenduaren 15ean Barakaldoko BECen jokatuko den finalera. Lehen itzuliko sailkapena:
Igor Elortza 722.00
Amets Arzallus 717.00
Sustrai Colina 706.00
Beñat Gaztelumendi 697.00
Aitor Mendiluze 694.50
Aitor Sarriegi 688.00
Unai Agirre 670.50
Iñigo Mantzizidor, 'Mantxi' 667.50
Alaia Martin 667.00
Fredi Paia 661.50
Jokin Uranga 657.50
Jone Uria 653.00
Agin Laburu 650.00
Unai Iturriaga 649.00
Etxahun Lekue 649.00
Jon Martin 640.50
Julio Soto 639.50
Jexux Mari Irazu 638.50