'Crash'ezusteko irabazlea

Ang Leek zuzendari onenaren Oscar saria irabazi du, baina film onenarena Paul Haggisen lanari eman dio Hollywoodeko akademiak

XABIER MARTIN - DONOSTIA
2006ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ezusteen ekitaldia izan da aurtengo Oscar sarien gaua. Maila batean bederen. Ezustean irabazi du film onenaren Oscar saria Crash-ek, ez inork espero ez zuelako, Brokeback Mountain faborito nabarmena zelako baizik.

«Ez dakit zer pentsatu. Agertokira ateratzeko atarian nintzen gidoi egokitu onenaren saria jasoa nuela. Ekitaldia jarraitzen ari nintzen, eta film onenaren saria iritsi denean... Ez dakit zer pentsatu». Ang Lee Brokeback Mountain-en zuzendariaren hitzak, atzo goizaldean gertatu zena laburtzeko egokiak izan daitezke. Taiwango zinemagilearen lanak, harreman homosexuala duten bi cowboy-en istorioak, zortzi izendapen zituen eta beste sari anitz aurretik irabaziak ere bai. Baina Jack Nicholsonen ahotik ez ziren atera gehienek espero zituzten hitzak. Crash ahoskatu zuen Los Angelesko Kodak Theatreko argi eta begi guztiak hari begira zeudela. Paul Haggisen filmak hiru Oscar sari eraman ditu, sari nagusiarekin batera, gidoi onena eta muntaiarenak irabazi baititu. Brokeback Mountain-entzat ere hiru estatua txiki izan dira, egokitutako gidoi, musika eta zuzendari onenarenak. Azken sari garrantzitsu horrek Ang Leeren goibeltasuna maila batean arindu beharko luke. Alabaina, alaitasuna Paul Haggisek ordezkatu zuen atzo goizaldean. «Azken bi urteetan Oscar nagusia irabazi duten filmetako gidoiak idatzi ondoren nola sentitzen naizen?». Erantzuna: «Azken hiru urteetan Oscarra irabazi duten lanetako gidoilari izateak gaindi dezake bakarrik hori».Gainerako Oscar garrantzitsuenei dagokienez, ez da ezuste handirik egon. Gizonezko aktore onenarena Philip Seymour Hoffmanentzat izan da. Hollywooden horrenbeste maite duten rol horietakoa bete du Seymour Hoffmanek Capote-n. Benetako pertsonaia ezagun baten larruan leialtasunez sartzea ez da erraza, eta Truman Capote idazlearena modu bikainean egin du, kritikari gehienen aburuz. Emakumezko aktorearen Oscar saria, berriz, Reese Witherspoonek eraman du, Hollywoodeko emakumezko aktore preziatuena, ordainsariak kontuan hartuta behintzat. Walk the line-n, Johnny Cash rock abeslariaren bikote June Carter Cashen rolari esker lortu du.Rachel Weiszek eta George Clooneyk irabazi dituzte bigarren mailako aktoreen sariak. Rachel Weiszek Fernando Meirellesen The Constant Gardener-en egindako lanari esker eraman du. Stephen Gaghanen Syriana-n betetako rolari esker lortu du berea Clooneyk. Bestalde, ingelesez besteko film onenaren sarietan, oztopo guztien gainetik lan palestinar bat zen faboritoa kritikari askorentzat, Paradise Now. Epaimahaiak, ordea, Tsotsi hegoafrikarrari eman dio saria.

Clooney, Spielberg eta Alberto Iglesias

Aurtengo Oscar sarien gaua, ekoizpen independenteena izan da maila handi batean. Esaterako, Crash irabazleak 7,5 milioi dolarreko aurrekontua zuen, Hollywoodeko ekoizpen erraldoietatik urrun. Baina, zinemaren mekatik urrun aritu diren beste batzuek ez dute zorterik izan. Sei hautagaitza izanda ere, George Clooneyren Good night and good luck saririk gabe geratu da, eta gauza bera gertatu zaio Steven Spielbergen Munich-i bost alorretan izendatu eta gero.

Alberto Iglesias donostiarra ere saririk gabe geratu da. Musika onenaren egile gisa izendatu zuten Iglesias, The Constant Gardener lanaren konposizioari esker, baina sari hori Gustavo Santaolallak eraman duAng Leeren Brokeback Mountain-en musikarengatik.Soinu eta irudiaren teknika alorreko Oscar sari gehien eraman dituztenak Rob MarshallenMemoirs of a geisha eta Peter Jacksonen King Kong izan dira. Bakoitzak hiru lortu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.