Cristina Iglesias eskultore eta grabatu egileak (Donostia, 1956) Londresko Royal Academy of Arts erakundearen Arkitektura saria jaso du. Epaimahaiaren hitzetan, saritu dute arte publikoak kaleko espazio irekiak hobetzeko izan duen tradizioa. Iglesiasen lanak bilgune bilakatzen du espazio publikoa, haien esanetan, batez ere Ibaiak eta espazio irekiak serieak (2006-2018). «Urez betetzen eta husten da, eta konbinatzen ditu ikuskizuna eta bizitza urbanoaren zarataren eta erritmoaren aurkako antidoto bat». Haren lanak inspirazio garrantzitsua izan dira hainbat arkitektorentzat, akademiak ohar batean zabaldu duenez.
Iazko urte bukaeran, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiak Arte Grafikoko Espainiako Sari Nazionala eman zion Iglesiasi, arte grafikoaren egin duen ibilbidea saritzeko.
Egun, sorterrian jarriko duen lehen obra publikoa prestatzen ari da Iglesias. Instalazio bat jarriko du Donostiako Santa Klara uharteko itsasargian. BERRIAk proiektu horren inguruko erreportaje zabala kaleratu zuen joan den astean. Honakoa azaldu zuen Iglesiasek: «Uharteak biltzen dituen hainbat ezaugarriri esker, leku paregabea da hainbat gai interesgarritan sakonduko den obra bat sortzeko, hala nola naturaren zaintzan, bai eta herritarrei adierazteko ere zaindu eta balioetsi egin behar dela hor».
Kimika ikasketetan lizentziatu zen Iglesias, EHUn. Baina artearekiko zaletasunak Bartzelonara eraman zuen lehenik, zeramikan eta pinturan aritzeko; eta Londresera gero, Chelseako arte eskolan eskulturaren inguruan ikasketak egiteko. Behin horiek amaituta, beka bati esker, New Yorkeko Pratt institutura joan zen prestakuntzarekin jarraitzeko. Eta, ondoren, irakasle ere jardun zuen Alemanian, Bildenden Kunste akademian.
1980ko urteetan hasi zen jendaurrean bere lanak erakusten, eta kritikak harrera ona egin zion. 1986an Veneziako Biurtekoan izan zen, eta nazioartean ospea lortzen hasi zen. 1990eko urteetan, areagotu egin zen haren nazioarteko proiekzioa. Suitzan, Kanadan, Espainian, Italian, AEBetan eta Erresuma Batuan erakutsi zituen bere obrak hamarraldi hartan, eta Veneziako Biurtekoan bigarrenez parte hartu zuen. Halaber, New Yorkeko Guggenheim museoak erakusketa bat eskaini zion, zeina Bilboko museoan, Madrilen eta Chicagon ere izan baitzen ikusgai.
Ordutik aurrera ere, haren lanak mundu osoko museo eta galerietan izan dira. Haren obrak beren bildumetan dituztenen artean daude, besteak beste, Madrilgo Reina Sofia, Parisko Pompidou, Londresko Tate, Portoko Serralves, Washingtongo Hirshorn, Los Angelesko Moca, Bartzelonako MACBA eta Bernako Kunsthall. Nazioarteko espazio publiko askotarako ere egin ditu artelanak.