Musika

Crystal Fighters eta Belle and Sebastian Donostian ariko dira

Bulego eta Lorena McKennitt ere zuzenean ikusteko aukera izango da 2024an, Kursaal Eszenaren denboraldi berrian. Musika klasikoan, Donizettiren 'L’elisir d’amore' opera eta Bachen 'Pasioa San Joanen arabera' izango dira, besteak beste.

Crystal Fighters taldea, joan den urtean MTV sarien harira Barakaldon emandako kontzertuan. MIGUEL TOÑA / EFE.
Crystal Fighters taldea, joan den urtean MTV sarien harira Barakaldon emandako kontzertuan. MIGUEL TOÑA / EFE
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko abenduaren 19a
19:00
Entzun

Ingalaterrako Crystal Fighters taldeak irekiko du Kursaal Eszenaren denboraldia, heldu den urteko otsailaren 14an. Donostian zuzenean ariko da taldea, eta beste hamabost proposamen helduko dira haien atzetik. Uztailera bitarte prestatu duen musika eskaintzaren berri eman du Kursaalak, eta, Crystal Fightersez gain, Belle and Sebastian, Loreena McKennitt eta Bulego bildu ditu proposamenen artean.

Bost urte eman dituzte Crystal Fighterseko kideek oholtzarik zapaldu gabe, baina Europan zehar bira egingo dute datorren urtean. Eta horren barruan bisitatuko dute Donostia, Light+ izeneko estudioko beren bosgarren diskoa aurkezteko. Bulego taldekoak izango dira hurrengoak Kursaaleko agertokira igotzen, martxoaren 10ean; Aldatu aurretik bigarren diskoa emango dute zuzenean. Kontzerturako sarrerak azaroan jarri zituzten salgai, eta denak salduta daude dagoeneko.

Ekainaren 13an, Belle and Sebastian taldearen txanda izango da. Glasgowko taldeak A Bit of Previous diskoa eman zuen iaz, eta Late Developers izenekoa kaleratu du aurten. Eta nazioarteko beste izen ezagun bat helduko da uztailaren 12an: Lorena McKennitt kanadarrak hirugarrenez joko du Kursaalean lau hamarkadako ibilbidean, eta The Mask and Mirror bere diskoaren 30. urteurrena ospatuko du kontzertuarekin.      

Klasikoa ere bai

Musika klasikoari ere egin dio lekua Kursaalak bere programazioan. Opus Lirika elkartearen proposamena izango da lehena oholtza hartzen: otsailaren 23an eta 25ean, Donizettiren L’elisir d’amore opera taularatuko dute. Martxoaren 19an, berriz, Bachen Pasioa San Joanen arabera obra hartuko du auditoriumak, Cetra Baroque Orchestra & Vocalconsort Baselen eskutik. 

Christian Zacharias pianista alemaniarra berriro ariko da Donostian, bakarka, apirilaren 28an. Maiatzaren 19an, Monte Carloko Balleta taularatuko da, eta ekainaren 5ean, Berlingo Orkestra Filarmonikoa, Kirill Petrenkoren gidaritzapean. Euskadiko Orkestraren familientzako kontzertuek osatuko dute eskaintza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.