Curriculuma lausotzean

Alain Urrutia artistak anonimotasun faltsuan sakondu du Basaurin jarritako 'El quinto en discordia' poliptikoan

Irune Berro Urrizelki.
Basauri
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Ulrike Meinhof ezkerreko militante alemaniarraren ibilbideak atentzioa eman zion Alain Urrutiari (Bilbo, 1981). Eta haren erretratua egin zuen, begirada betaurreko ilunen atzean ezkutatuz eta ahoa lausotuz, ia ezabatuz. Robertson Daviesen Fifth Business nobelan jasotako definizioaz akordatu zen orduan, tramaren korapiloa askatzeko ezinbestekoa den pertsonaia ustez garrantzirik gabekoaz. Eta erretratu gehiago egitea ebatzi zuen, Basauriko Arizko Dorretxean jarri duen El quinto en discordia margolan bilduma osatzeraino. Alegia, 34 erretratuk osaturiko poliptikoa.

Testuingurutik ateratako pertsonaia historikoak dira gehienak; ez denak. Bortxatzaileak hiltzeagatik ezagun egindako Aylin prostituta estatubatuarra eta Charles Mansonek hildako aurreneko emakumea daude. Baita Adolf Hitlerren gertuko agintari bat ere, Martin Luther Kingekin batera.

Louise Bourgeoisen obraren aztarrenak ere badaude Urrutiaren lanean. Dena dela, artistaren erretraturik ez du egin. Haren obra bat pintatu du, katalogoetako batean jasota dagoen modu berdintsuan, testu eta guzti. «Hil zen egunean egin nion omenaldi txiki bat izan zen», azaldu du Urrutiak. Jacqueline Kennedy ere ageri da margolanetako batean. Gertu dago Tamara Bunke Tania gerrillari argentinarra, Che Guevararen bikotekide izandakoa. Fidel Castro alboz ageri da Maiatzeko Plazako ametako bati babesa ematen.

Historian lorratz txiki edo handiagoa utzitako pertsonaia gehiago ere badaude Urrutiaren poliptikoan, eta haien artean jarriak daude artistaren burutik bertatik sortutakoak, alegia, «inor ez direnak, asmaturiko pertsonaiak». Baina denak elkarrekin jarrita berdindu egin dituela dio artistak, maila bereko bihurtu dituela. «Balio berdina eman diet Idi Amin Ugandako diktadore militarrari eta nire lagun judu bati.Pertsonaia direnak anonimo izatera pasatzen dira. Azkenean, pertsona guztiak gara berdinak curriculuma kentzen dugunean».

Duda eragitea

Urrutiaren ustez, inork ez daki pertsonaia horiek guztiak nortzuk diren; «ezagutu ahal dituzu batzuk, baina ez denak». «Niretzat, harreman bat dago denen artean. Nik aukeratu ditut, eta harreman bat ezarri diet, baina, niretzat, garrantzitsuena ez da istorio bat sortzea, baizik eta duda bat eragitea ikuslearengan. Jendeak esatea 'hemen istorio bat dago, baina zein da nirea?'». Hots, nork bere kontakizuna harilkatzea.

Zama historiko-politiko handiko pertsonaiak izanagatik, irudiak lausotzearen teknikaren ondorioz, bestelako elementuak gailentzen dira El quinto en discordia lanean, esparru estetikoari dagozkionak barne. «Ez dit ardura karga sinbolikoa duten. Akabuan, hori da postmodernismoan egin izan dena, eta orain ikus dezakezu modernito bat Fidelen elastiko batekin eta Micky Mouseren belarriekin. Gaiak, edukiak ez digu ardura, dena nahas dezakegu, antzinako eta egungo arropa ere».

Urrutiaren arabera, lan bakarra jartzeak edo poliptikoa osatuz lan saila egiteak bestelako dimentsioa du, bestelako esanahia. Eta erakustokiaren kokalekuak, halaber, eragina du obraren interpretazioan. Oraintsu amaitu den urtean Euskal Herritik kanpo egin ditu erakusketak. Besteak beste, Madril, Lisboa, Santander eta Vigoko galerietan erakutsi du poliptikoa, eta toki horietan bere buruaz eginiko erretratua ere izan da ikusgai. Ordea, Basauriko erakusketatik kendu egin du lan hori. «Hemen ez da beharrezkoa. Jendeak, lagunek eta familiak ezagutzen naute». Otsailaren 22an itxiko dute Urrutiaren erakusketa, Basaurin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.