Datorren astelehenean Euskal Liburuaren Gaua egingo dute Donostian. Dabilen Elea saria banatuko dute bertan, eta Itxaropena argitaletxeari emango diote. 36ko gerraren ondoren argitaratu zuten Kuliska sorta saritu nahi dute horrela. Patxi Unzurrunzaga (1906-1984) gogoratu nahi dute, ordea, bereziki. Izan ere, bera izan zen Itxaropena argitaletxearen burua garai hartan.
Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak, Euskal Irudigile Profesionalen Elkarteak, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak eta Galtzagorri Elkarteak antolatu dute ekimena, eta beraiek erabaki dute saria nori eman. Kuliska sortarekin, 36ko gerra ondorengo euskal liburugintzaren lehenengo urratsak egin ziren. Sortaren aurreneko lana 1952an kaleratu zuen argitaletxeak. Plazido Mujikak euskaratu zuen Svensson-en Noni eta Mami nobelatxoa. Horren ondoren, beste 75 lan kaleratu ziren. Besteak beste, olerkia, nobela, saiakera, antzerkia, bertsolaritza, historia, atzerriko obren itzulpenak edo berrargitalpenak egin zituzten sorta osatzeko.
Euskal liburugintzaren alde
Euskal Liburuaren Gaua antolatu duten bost taldeek diote beraien kontura lanean aritzen direla, baina guztiak elkartzen direla «euskarazko liburuaren aldeko ospakizunean, kultur industriak euskal gizarte eleaniztunaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikustarazteko». Orain arte lau elkartek antolatu dute ekimena, eta Euskal Irudigile Profesionalen Elkartea gehitu zaie.
Victoria Eugeniako Club aretoan, 20:00etarako prestatu dute ekimena. Irakurketa, musika eta irudiekin osatutako jaialdia antolatu dute, eta gonbidatu bereziak ere eramango dituzte hara. Ordubeteko saioa da, eta ez dago sarrera ordaindu beharrik.
Hirugarren ekitaldia izango da aurtengoa. Iaz Joan Mari Torrealdairi eman zioten saria, eta 2008an, Antton Olariagari.
Dabilen Elea saria Itxaropena argitaletxeari emango diote, Kuliskagatik
Patxi Unzurrunzaga gogoratuko dute Euskal Liburuaren Gauean gerra ostean egindako lanagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu