Orain arte, 3D teknika akzioz beteriko produkzio erraldoietarako edo animaziorako erabili izan da nagusiki: Avatar, Transformers, Ice Age 3, Toy Story 3... Gisako pelikulek behar zuen arnasa ekonomikoa eman diote Hollywoodeko industria zaharkituari, baina, era berean, mesfidantza piztu du jostailu berri eta garestiak izanen ahal duen balio artistikoaren gainean.
Azkenaldi honetan, ordea, sona handiko bi zuzendarik beren ekarpen pertsonala egin diote hiru dimentsioen zinemari, dokumental banarekin. Biak alemanak, biak errespetatuak, biak heterodoxoak. Lehenbizi, Werner Herzogek Cave of Forgotten Worlds aurkeztu zuen aurtengo Berlingo Zinemaldian. Eta Berlinalen bertan gauza bera egin zuen Wim Wendersek bere Pina-rekin.
Wendersek 80ko hamarkadan izan zuen ospe kritikoa ez du gaur egun; akaso horregatik libreago sentitzen da nahi dituen filmak egiteko. Eta azken hau ezusteko handia izan da. Inor gutxik espero zuen zinemagileak dantzaren mundua eta hiru dimentsioetako teknika uztartuko zituenik, baina alemaniarrak hori egin du, eta lortu duen emaitzak txalo ugari jaso ditu.
Orain dela hogei urte inguru Venezian ezagutu zuen zuzendariak Pina Bauschen lana, eta berehala haren inguruko dokumentala egiteko ideia hasi zen mamitzen. Hala ere, orduan ez zuen batere argi ikusten dantzariaren mundua zinemara eramateko modua zein izaten ahal zen. Harik eta 3Da ailegatu zen arte. Teknologiak aukera berriak zabaldu zituen, eta, horri esker, Wendersek eraman ahal izan du aurrera urtetan bazterrean izan duen proiektua.
Artista iraultzailea
Zoritxarrez, Pina Bauschek ezin izan zuen azken emaitza ikusi. Minbiziak jota hil zen iazko uztailean, Wenders pelikula prestatzen ari zenean. Dena den, ezbeharrak ez zuen pelikula bertan behera utzi, Bauschen dantza konpainiak eta familiak aurrera segitzeko eskatu baitzioten zuzendariari. Horrela, artistari egindako pelikula omenaldi sentitua bihurtu da, eta hark sortu zituen hainbat koreografia ditu ardatz: Café Müller, Das Frühlingsopfer, Vollmond eta Kontakthof.
Pina Bausch Tanzteather delakoaren sortzailea izan zen; dantza, musika eta antzerkia uztartzen dituen hizkera artistiko berritzailea. Dantza egiteaz gain, dantzariek antzezten, hitz egiten eta negar egiten dute taularen gainean. Alemaniako Wuppertaleko konpainia gidatu zuen Bauschek, eta handik bere ideia iraultzaileak mundu osora zabaldu zituen.
80ko hamarkadatik aurrera, ospe handia eskuratu zuen Pina Bauschek, eta mundu osoko artistek miretsi dute haren lana. Horietako bat Pedro Almodovar zuzendaria izan da, eta Pina Bauschek Hable con ella pelikulan agerraldi laburra egin zuen.
Pina bukatu berri den Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, Zabaltegi Bitxiak sailaren barruan, eta oso harrera ona izan zuen.
'PINA'
Zuzendaria: Wim Wenders.
Herrialdea: Alemania.
Urtea: 2011.
Iraupena: 100 minutu.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Dantza, antzerkia eta zinema
3D teknologia baliatuta, Pina Bauschen gaineko 'Pina' film dokumentala egin du Wim Wendersek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu