Bide batez, gaur goizean eraikin zaharrean egindako aurkezpenean jakinarazi dute Arteleku tokiz mugituko dutela, "laster", Txomin-Enea auzoan Donostiako Udalak gauzatuko duen hirigintza plangintzaren ondorioz. Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura Diputatuak "argi eta garbi" azaldu nahi izan du, ordea, Artelekuk bere bideari eutsiko diola proiektu gisa, "bere esentziari", toki aldaketa bat baino ez dela izango.
Lekuonako eraikinean egingo den proiektua ondorengo hilabeteetan zehaztuko da, eta 2013ko lehen sei hilabetean hasiko dira zaharberritze obrak. Errenteriako Udalak 800.000 euro bideratuko ditu aurtengo aurrekontuetatik lan horretarako, eta aldundiak, berriz, ez du oraindik kopurua zehaztu. Badiolak jakinarazi du, baina, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailak 16 milioi euroko aurrekontua edukiko duela aurten, eta horren %70a arte eta kultur sorkuntzara bideratuko dela.
Kultura diputatuaren ustez, ez da "kasualitatea" proiektua Errenterian gauzatzea. "Izan ere, dantza tradizionalean eta garaikidean erreferentea da Euskal Herrian. Badago hemen sare indartsu bat".
Kultur eragileekin elkarlanean burutuko den proiektua izango da. "Bai herri eta baita herrialde mailan ere prozesu parte hartzaile baten bidez artikulatuko da", esan du Badiolak. Gainera, gogoratu du Oiartzualdea sozioekonomikoki eskualde "deprimitua" dela eta aldundiari "apustu sendoak" eskatzen dizkiola egoera horrek. "Proiektu honek eskualdea biziberritzen lagunduko du, dudarik gabe".