Gorputzik zurrun eta mugiezinenak ere dantzan jartzeko moduko abestiak utzita—Daddy Cool, Sunny, Rivers of Babylon, Ma Baker eta It is holi-holiday, besteren artean— hil da Bobby Farrell, Boney M. talde mitikoko abeslaria, 61 urterekin, San Petersburgon. Bezperan kontzertu bat eman ondotik zendu zen atzo, hoteleko gelan, ustekabean. Herbehereetako kolonia izandako Aruba uhartean jaio zen Farrell 1949an, eta marinel gisa egin zituen lehen lanak. Denbora batez Norvegian izan ondotik, Alemaniara joan zen, eta dantzaleku batean hasi zen beharrean, disko jartzaile. Orduan ezagutu zuen Frank Farian produktorea, eta hark eskatuta hasi zen Boney M. taldean abeslari 1976an, urtebete lehenago sortutako disco musikako bandan, alegia. Abbarekin batera, estilo horren barruan 70eko hamarkadan arrakasta lortu zuen Europako talde bakarrenetarikoa izan zen Boney M. AEBetan ere zabaldu ziren taldearen abestiak.
Farrellekin batera, bi emakumezko abeslarik osatzen zuten taldea, eta hamarkada hartako itxura apurtzailearen ikur bihurtu ziren jantzi nabarmen eta zirikatzaileekin dantzatzen ziren agertokian. Farrellen dantzatzeko modu bitxiak ekarpen ezin egokiagoa egin zion taldeari, eta bandaren arrakastak aparrak legez egin zuen gora denbora tarte txikian, mundu osoan 150 milioi disko saldu, eta Alemanian, Herbehereetan eta Erresuma Batuan gehien saldutako diskoen zerrendetako lehen postuetan kokatzeraino.
Kanpai itxurako praketan sartuta, ikuskizun itzela ematen zuen artista beltzak agertokian. Gorputzeko atal guztiak bihurrikatzen zituen, eta emanaldi gehienen amaieran bere gorputz enbor gihartsua uzten zuen agerian. Haren ahotik ahots lodia baizik ez zen ateratzen. Eta, egiaz, Frank Farian produktoreak abesten zuen diskoetan, 2003an publikoki onartu zuenez. Farrellek Boonoonoonoos, Happy Song eta zuzeneko emanaldietan baino ez zuela abesten, eta dantzatzeko abileziagatik kontratatu zuela esan zuen Farianek. Farrellek 1982an utzi zuen Boney M. 1992tik bere kabuz osatutako taldearekin zebilen abesten. IRUNE BERRO
Hilberria. Bobby Farrell
Dantzalekuko errege
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu