Dantzaria izpiritu bihurturik

Ane Urrutikoetxea.
2009ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Era lizunean dantzatzeagatik egin zen ezaguna Patrick Swayze. Amak gaztetatik erakutsi zion dantzatzen, eta gaitasun horri gehitu zion bizitza osoan lagun izan zituen pasioa eta grina. Dirty Dancing-eko (1987) dantza irakaslea eta Ghost (1990) filmeko mamu maitemindua astelehenean zendu zen 57 urterekin, pankreako minbiziaren aurka gogor borrokatu ondoren.

Swayzeren arrakasta esanguratsuenak izan ziren aipatutako filmak. Aurretik Francis Ford Coppolak zuzendutako The Outsiders(1983) filmean parte hartu zuen, Darry Curtis erreboltariaren azalean sartuz. Rol horrek ireki zizkion Hollywoodeko ateak, filmean parte hartu zuten gainontzeko aktore esanguratsuei bezala, hala nola Matt Damoni, Tom Cruiseri edota Rob Loweri.

Ondorengo filmetan ez zuen nahi beste arrakasta lortu. Next to Kin (1989) eta urte berean egindako Road House filmek erdipurdiko harrera izan zuten, eta Razzie sarietan urteko aktore txarrena izendatu zuten.

Porrot horiek, baina, ez zuten kikildu: betiere bigarren plano batean, Swayzek zinemaren eta telebistaren munduan jarraitu zuen lanean azken egunera arte. Berrogei film inguruk, eta Dirty Dancing, Ghost eta To Wong Foo: Thanks for Everything filmekin Urrezko Globoetarako lorturiko izendapenek leku eztabaidaezina eman diote Hollywoodeko munduan.

Dirty Dancing-en arrakastak bultzaturik, 80ko hamarkadaren amaieran publizitatearen irudi bilakatu zen, eta 1991. urtean People aldizkariak munduko gizonik sexy-ena izendatu zuen. Garai hura izan zen distiratsuena aktorearentzat. Bestalde, telebistaren munduan, North and South (1986) telesailak ere arrakastaren bidean ipinizuen:ondoren etorri zen haren ibilbideko tontorra, Ghost filmeko lana, Demi Moore eta Whoopi Goldberg aktoreekin egindakoa.

Garai hartan lankide eta urte luzez lagun izandako aktoreek azken agurra eskaini diote Interneteko Twitter sarearen bidez. Goldbergek, esate baterako, haren izaera nabarmendu du: «Ghost filmaren mezuan sinesten dut, eta horregatik dakit Patrickek gure artean jarraitzen duela. Pertsona zintzoa izan zen, dibertigarria, eta izugarri zor diot eman didan pozagatik».

The Outsiders filmean lankide izan zuen C. Thomas Howellek ere agur hitzak eskaini dizkio: «Ez dugu garaiko aktore esanguratsuenetako bat galdu soilik: nik, Erreboltarien anaia zaharra galdu dut». Film bereko lankide Rob Lowek Swayzeren ezaugarri nabarmenenak gogoratu zituen: «Aktore indartsua izan zen, bizitasunez betea. Ehuneko ehuna ateratzen zuen lan egiteko orduan: ehun bizitza bizi zituen».

Indar hori, baina, ez zen bere gaixotasuna garaitzeko nahikoa izan. Iaz aurkitu zioten minbizia, eta soilik sei hilabeteko bizi-itxaropena eman zioten, orduan. Swayzek, ordea, ez zuen amore eman. Lanean jarraitu zuen azken urte osoan,The Beast telesaila filmatzen. Bizitzeko gogoa galdu gabe, aktoreak kimioterapia saio gogorrak jasan zituen filmaketa egin bitartean; egiazkotasunari eusteko, baina, uko egin zion lasaigarriak hartzeari.

Swayzek 33 urte zeramatzan Lisa Niemirekin ezkonduta. Dantzatzen ezagutu ziren, hain ezagun egin zuen filmean bezala, eta seme-alabarik izan ez zuten arren, oso lotuta egon ziren beti. Film bat ere osatu zuten, One Last Dance (2003) izenekoa: han, bien pasioa islatu zuten, Dirty Dancing filmeko istorioa egia bilakatuz; musikaren erritmoa azken mugaraino gozatuz. ANE URRUTIKOETXEA.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.