Musika. CHARLES BRADLEY. Diskoa: 'No Time for Dreaming'. Diskoetxea: Dunham Records.

Dantzatzeko eta maitatzeko garaia

2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Ezaguna da musikaren industrian fenomeno bitxiak gertatu ohi direla. Esaterako, iragan larunbatean bere soul kutsuko kantuak klub, denda eta etxe guztietan entzutea erdietsi zuen Amy Winehouse izartxo autosuntsitzaileak hil zenean (27 urte). Era berean, Charles Bradley soul kantari estatubatuarrak bere lehen diskoa argitaratu du oraintsu, 62 urterekin. Sukaldaria ofizioz, txikitatik erakutsi zuen Bradleyk soul musikarekiko pasioa. Izan ere, 1962. urtean bere arrebak James Brown ikustera eraman zuen New Yorkeko Apollo areto mitikora. Harrezkeroztik, Soularen Aitabitxiaren keinu guztiak imitatzeari ekin zion, erratza mikrofono gisara erabilita.

Daptone Recordsen azpizigilu Dunham diskoetxeko lagunek deskubritu zuten kantari beltz bikain hau, New York hiriko Black Velvet klubean. Single pare bat argitaratu ondoren, Bradleyk Thomas Brenneck diskoetxeko arduradunari kontatu zion goiz batean ohetik jaiki eta anaia hilik aurkitu zuela ilobak tirokatuta. Gertaera tragiko hori musika bihurtzea proposatu zion Brenneckek. Hala, No Time for Dreaming lana ondu zuten.

AEBetako hegoaldeko soul tradizioan kiskalita dator grabazioa. Stax diskoetxean grabatzen ziren lanen erara. Izan ere, Dunham /Daptonek ahaleginak egin ohi ditu haien ekoizpen guztietan. Bradleyren ahotsari dagokionez, aipaturiko southern soul estilotik edaten du; tartean, Wilson Pickett abeslariaren kemenetik, James Brown ahaztu barik. Horretaz gain, gospel izpi beroak ere argitzen dira une eztienetan.

Amy Winehouseren jarraitzaileek zein betiko soul eta rhythm and bluesaren zaleek gozatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.