BRRMMM! ikuskizuna prestatzen ari da Hilde Koch koreografo donostiarra Dantzaz konpainiarekin. Donostian duela gutxira arte suhiltzaileen eraikina izandakoa oinarri hartuta ari dira lanean. Izan ere, udaberritik aurrera, Donostia 2016 proiektuaren egoitza berria izango da Easo kaleko lokal hori, eta estreinaldirako prestatzen ari dira ikuskizuna.
Herritarrek sortze prozesua zuzenean ezagut dezaten nahi dute, eta, horregatik, eraikinean bertan egingo dituzten probak ikusi ahal izango ditu nahi duenak. Gaurtik ostiralera bitartean izango dira, 17:00etatik 18:00etara.
Bi egun soilik daramatzate ikuskizuna prestatzen, eta, oraingoz, obra osoaren lehenengo minutuak soilik prestatu dituzte. BRRMMM! ikuskizuna Ipar Amerikako 1950eko eta 1960ko hamarkadetako rock musikan oinarritu dute.