Ikus-entzunezkoak

'Dapa' saioak sorkuntzari buruzko zortzi ataleko bilduma osatu du

Bukatu da lehen saio sorta, eta bolada batean ez dute besterik egingo. Xanti Agirrezabala aktorea da zortzigarren ataleko protagonista.

2020ko urtarrilaren 17a
10:20
Entzun

Sorkuntza eta kultura dituzte hizpide Dapa saioek. Ikus-entzunezko saioen bilduma bat da, eta pertsona baten inguruan osatu dute saio bakoitza. Askotariko kultur adierazpideak eta sormen moldeak erakutsi dituzte zortzi ataletan. Azaroaren 27an plazaratu zuten lehen atala: Juan Palacios zinemagilearekin abiatu zuten sorta. Haren ondoren agertu dira Rouge Elea zirkularia, Danele Sarriugarte idazle eta itzultzailea, Xabier Luberriaga luthier profesionala, Barbara Stammel pintorea, Iñigo Astiz idazle eta kazetaria, Garazi Pascual zirkuko artista eta Xanti Agirrezabala aktorea.

Orain, geldialdi bat iragarri dute. Zortzi ataleko bilduma egin dute, eta sasoi batean ez da bideo gehiago egongo. Dena dela, Dapa itzuliko da, eta izango du berrikuntza bat baino gehiago, gainera. BerriaTBn ikusgai daude zortzi atalak.

Xabier Gantzarain da proiektua sortu eta garatu duten kideetako bat. Haren hitzetan, «sorkuntza bizipozaren epizentroan jartzeko proiektu bat» da Dapa. Hala, sormena lan tresna duen jendea da saio bildumaren ardatza, baina, zehaztu duenez, «erakundeak ere izan daitezke; baita lekuak edo gertaerak ere». Hutsuneetatik baino gehiago, desioetatik abiatuta sortu dute: «Badira sorkuntza eta kultura ardatzean jartzen dituzten saioak, eta eskertzekoa da. Guk, baina, gure erara egin nahi genuen lan, guretzat interesgarria den hori erakutsiz».

Kulturaz-ek ekoizten du proiektua Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibak, Dinamoa sormen gunean kokatua—, eta, Gantzarainekin batera, Ander Mujika, Yuri Agirre, Nora Alberdi, Iker Trebiño eta Aitor Bengoetxea kideek osatzen dute lantaldea. Jalgi egitasmotik sustatuta, iragan ekainean osatu zuten taldea. Guztien artean erabaki dituzte ikus-entzunezkoek bete beharreko ezaugarriak: «Sarean jarriko genituela erabaki genuen, sorkuntzari buruz izango zirela, eta formatu hori esploratzen hasi ginen». Oinarrizko elementu izan dute komunikazioa: «Bakoitzari gustatzen zaizkigun gauzak elkarri aipatu dizkiogu. 'Honekin egin beharko genuke Dapa bat, edo honek merezi du'. Jakinik, betiere, saioa beste batzuek ikusiko dutela, eta horien interesekoa ere izan behar duela».

Dapa-ren berri izan daiteke saioaren Twitter kontuan zein Telegram kanalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.