Dardenne anaiak, Iñarritu, Hansen-Love eta Koreeda Perlak sailean izango dira

Louis Garrel, Oliver Hermaus, Marie Kreutzer eta Santiago Mitreren filmik berrienak ere izango dira lehian Donostiako 70. Zinemaldian

Dardenne anaien Tori et Lokita filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Leire Perlines Apalategi.
2022ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Nazioarteko zirkuituan sona lortu duten filmak bildu ohi ditu Donostiako Zinemaldiak Perlak sailean. Iragarrita zeuden jada hartan emango diren zenbait film, eta beste hamabiren berri eman du orain jaialdiak. Tartean dira, besteak beste, zinemagile hauen lanik berrienak: Mia Hansen-Love, Alejandro Gonzalez Iñarritu, Hirokazu Koreeda, Cristian Mungiu, Ruben Ostlund eta François Ozon, eta Dardenne anaiak.

Ozonen Peter vonKant lanak irekiko du saila; joan den Berlinalean estreinatu zen filma, eta Rainer Werner Fassbinderri egiten dio omenaldia. Peter von Kant bere laguntzaile Karlekin bizi da, baina tratu txarrak ematen dizkio, eta umiliatu egiten du. Sidonie aktoreari esker, Amir gaztea ezagutu eta harekin maiteminduko da; Peterrek zinemaren munduan sartzeko laguntza eskainiko dio Amirri.

Ozon ez, baina beste zenbait zinemagile aurrenekoz ariko dira Donostian aurten. Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaiak, kasurako. Belgikarrak dira, eta Tori et Lokita filmarekin ikus-entzuleen Donostia Hiria saria eskuratzen saiatuko dira. Afrikatik Belgikara iritsi diren haurrek erbesteko baldintzei aurre egin beharko diete.

Oliver Hermanus hegoafrikarrak Akira Kurosawaren Ikiru (1952) filmaren remake britainiarra filmatu du, jatorrizkoa egin zenetik 70 urtera: Living. Londresen bizi da Williams, 1950eko hamarkadan, eta bere bizitza arriskuan jarriko duen gaixotasun bat diagnostikatu diote.

Corsage pelikulan, Marie Kreutzer zinemagile austriarrak Sissiren istorioa berrikusi du, eta Austriako enperatrizak 40 urte bete zituen unea aukeratu du horretarako. Arauek ito egiten dute, eta bizitzeko gogo bizia sentitzen du Elisabet Bavariakoak, Austriako enperatrizak; ondorioz, gero eta gehiago oldartzen da inposizioaren aurka, gaztaroko zirrara sentitu nahi baitu berriz.

Perlak sailean ariko da, halaber, Cannesko azken zinema jaialdiko Urrezko Palma eskuratu zuen filma: Triangle of Sadness. Ruben Ostlund suediarrak luxuzko gurutzaontzi batean girotu du lan berria, burgesiari buruzko satira bat egiteko asmoz.

Brett Morgenen Moonage Daydream lanak itxiko du saila, David Bowie abeslari eta artistaren unibertsoan murgiltzen den filmak, hain zuzen. Morgenek bost milioi artikulu baino gehiago arakatu ditu ez-fikzioko musikal hau eratzeko, eta orain arte ezezaguna zen materiala baliatu du. Lehiaketatik kanpo emango dute filma.

Itzulerak ere badira

Louis Garrel trilogia baten hirugarren zatiarekin itzuliko da Donostiara: L'innocent-ekin. Sylvie kartzelatik ateratzear dagoen gizon batekin maiteminduko da, Michelekin, baina semeak susmo txarra hartuko du.

Mia Hansen-Love Un beau matin filmarekin izango da Perlak sailean aurten. Sandrak bakarrik hezi behar du bere haurra; gainera, familia borrokan ari da aitak behar dituen botikak lortzeko.

Bardo, falsa crónica de unas cuantas verdades filmarekin, hirugarrenez parte hartuko du Perlak sailean Alejandro Gonzalez Iñarritu mexikarrak, Amores perros (2000) eta Babel (2006) lanekin hartan izan ondoren. Los Angelesen (AEB) bizi da Silverio, eta sorterrira itzuli behar du. Oroitzapenek eta beldurrek, baina, zalantzaz eta harriduraz beteko dute haren egunerokoa.

Hirokazu Koreeda zuzendariak egin duen lehen lan hegokorearra da Broker. Emakume gazte batek haur jaioberria abandonatuko du eliza bateko atarian, eta jaioberrien lapurrek harrapatuko dute.

Santiago Mitre ere itzuliko da aurten, Argentina, 1985 filmarekin; Julio Strassera eta Luis Ocampo fiskalen bizipenetan oinarrituta dago.

Azkenik, Cristian Mungiu zuzendari errumaniarrak R.M.N. aurkeztuko du. Matthiasek bere sorterrira itzuli behar du; bidaiak hankaz gora jarriko dio bizitza eta frustrazioz beteko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.