Harro egoteko moduko marka dute Dardenne anaiek: bitan irabazi dute Cannesko Urrezko Palma preziatua. Aurten ere han aurkeztu dute azken lana, eta berriro ere harrera oso ona izan dute, eta epaimahairen sari berezia eskuratu. Europako zinema sozialaren ordezkari nagusietakoak dira belgikarrak. Estilo biluzi, lehor eta soila dute, patxadaz erabiltzen dute denbora, eta aktore ez-profesionalekin lan egiten dute. Bi muturretan dituzte ikusleak: zinema ulertzeko duten modua miresten dutenak daude, eta haien lanak jasangaitzak direla diotenak.
1996an La promesse-ekin ezagun egiten hasi zirenetik, filmografia interesgarria osatu dute. Rosseta, Le fils eta L´enfant dira lan nagusiak. Orain dela hiru urte egin zuten Le silence de Lorna-rekin eremu berriak urratzen saiatu ziren , baina ez zuen harrera onik izan. Baina ez dute etsi, eta Le gamin au vélo-n biolentziatik ihes egin nahi duen gaztetxo baten istorio samurra kontatu dute.
Aterpetxe batean bizi da Cyrus gaztetxoa. Aitak han utzi zuen, eta bila itzuliko zela agindu zion. Denbora pasatu da, eta aita ez da bueltatu. Cyrusek ihes egitea erabaki, eta aitaren bila abiatuko da, eta Samantha ezagutuko du.
LE GAMIN AU VELO
Zuzendaria: Jean-Pierre Dardenne, Luc Dardenne.
Aktoreak: Cecile De France, Thomas Doret, Jeremie Renier, Fabrizio Rongione, Egon Di Mateo, Olivier Gourmet.
Herrialdea: Frantzia, 2011.
Iraupena: 119 min.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Dardenne anaien estilo biluzi eta soila
Biolentzia girotik ihes egin nahi duen gaztetxo baten istorioa kontatu dute belgikarrek 'Le gamin au velo'-n
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu