Italiako komunikabideek eman dute Dario Foren heriotzaren berri. Antzerkigile eta aktore italiarra 90 urterekin hil da, Milango erietxe batean. Duela egun batzuk eraman zuten hara, arnasa hartzeko arazoak zirela eta. Fori Literaturako Nobel saria eman zioten 1997an.
Oso kritikoa zen Fo politikariekin. Ez zuen bereizten ezkerreko eta eskuineko alderdien artean. Elkarrizketa batean hauxe esan zuen Italiako politikariez: "Ezkerrak porrot egin du boterearekin ezkondu delako. Boterea eduki edo ez dilemaren artean, jabearekin oheratzea erabaki zuen". Satira politikoa izan ohi zen nagusi haren lanetan ere.
Antzezlan ugari idatzi zituen; besteak beste, Morte accidentale di un anarchico ("Anarkista baten ustekabeko heriotza") eta Non si paga, non si paga! ("Ez dugu ordainduko, ez dugu ordainduko!"), Clacson, trombette e pernacchi (Izuaren aurpegia, Xabier Mendiguren Bereziartuk euskaratua).