“Bikiak elkartu egin dira berriz”. Dario Urzai artistak (Bilbo, 1958) elkarrekin ikusi nahi zituen elkarrekin sortutako lanak, eta horregatik eman dio bere lanetariko bat Bilboko Guggenheim museoari. 1997an museoak egindako enkargu bati erantzuteko bi pieza sortu zituen estudioan. Diptiko bat egitea zen bere hasierako asmoa, baina proiektua hazten joan, eta, kontatzen duenez, bi pieza independente agertu zitzaizkion, azkenean. Bi pieza handi, 8,5 metro luze eta 1,70 metro zabal: Batean (Mikrobertsoa I) frakzioa izenekoa bata, eta Batean (mikrobertsoa II) frakzioa deiturikoa bestea. Guggenheimeko arduradunek lehena hautatu zuten beren bildumarako, eta artistak beretzat gorde zuen bigarrena. Orduan bereizi ziren bikiak, eta orain elkartu dira berriz. “Museoa nirekin esker oneko izan zen, eta iruditzen zitzaidan nik ere esker oneko izan behar nuela”.
Elkarrekin sortu arren, orain arte sekula ez dira elkarrekin erakutsi bi lanak. Eta pozik da horregatik artista. Biltokian daude orain piezak, baina udazkenean jarriko dituzte ikusgai. Museoak erakusketa iraunkorra eguneratzean. Bata bestearen ondoan jarriko dituzte orduan. Aurrez aurre. Urzai: “Elkarri isla egingo diote, eta bisitariaren isla ere hartuko dute. Beraz, ikusleak bere burua ere ikusiko du pieza horiekin harremanetan”.
Garrantzitsua da hori Urzairentzat. Dioenez, arte lana ez baitira soilik berak sortutako objektua. Piezek aurrean duten espazioa ere osatzen dute lana. “Erraldoiak dira lanak, eta horregatik urrunetik eta gertutik ikusi ditzake bisitariak. Badira bisitaria hurbiltzera daramaten amuak lanetan. Urrundik ikusi dezakete lana, eta baita sudurra hari itsatsita ere. Gustatuko litzaidake museoak bisitariari sudurra piezara itsasten utziko balio. Lanak erabat harrapa dezan”.
Urdina bata, gorria bestea
Neurri berekoak dira bi lanak, eta elementu berekin sortutakoak. Biek uztartzen dituzte argazkigintza eta pintura, adibidez, eta bietan ageri dira giza begiz osatutako lerroak muturreko ertzeetan. Baina bada alderik ere: Urdina bata, eta naranja bestea. Mundu kosmikoarekin eta pentsamenduarekin lotutakoa lehena, odolarekin lotutakoa bigarrena. Ezberdinak, baina bikiak. Hala ulertzen ditu Urzaik behintzat.
Bilboko ibaiertzean zegoen eraikin bateko estudioan sortu zituen piezak 1997an. Elkarrekin. Baina bitxia da batak eta besteak izan duten ibilbide ezberdina. Bertatik bertarako bidea egin zuen Batean (Mikrobertsoa I) frakzioa lanak. Ibaiertzeko estudiotik, ibaiertzeko museora. Eta batetik bestera ibili da Batean (Mikrobertsoa II) frakzioa lana. Bilboko Errekalde aretoan lehenik, Burgosen gero, Madrilen, Parisen, Bruselan, Parisen bueltan, Madrilen berriz, eta Bilboko biltoki batean azkenik. “Pena ematen zidan halako lana biltoki batean gordeta edukitzeak”, dio.