Musika deabruaren tronpeta dela irakurri dut berripaperean. Hizki larriz eta fondo beltzean. Atentzioa emateko moduan, alegia. Ez da inongo berria, ez luke izan behar (ez balitz egunkari sentsazionalista ingeles hauetako baten azalean...), baina onartu behar dut zabalpen handiko egunkari bateko lerroburuan irakurtzea harrigarri xamar ere egiten dela. Zalantzarik gabe, funtzionatzen du. Beldurtzen du. Hizki ttikiagoei jarraituz, ulertu dut Melillako salafista talde baten muturreko sineskerak salatzeko idatzi duela kazetariak esaldia. Haiek (salafistak, ez kazetariak, tira, hauetako batzuk seguruaski ere bai) ez omen dira fio musikaz. Beraien seme-alabei debekatu egin diete musika klasetara joatea. Nahiago omen dute inongo musikarik ez entzun, gauza txarretarako bertzerik ez duelako balio musikak... eta tira, nagusiki beraien irakurketen arabera, Koranak hala agintzen duelako.
Momentu batez, salafista ez naizela konturatzeak lasaitu nau, baina zer pentsatu ere eman dit. Denok entzun izan dugu noiz edo noiz musikak pizten dituela gure barreneko intentzio txar, tentazio eta gaiztakerietako gogoak. Denok entzun dugu (baita sentitu ere) musikak pizten duela guregan lizuntasunaren txispa eta, bidenabar, arrazoitik urrun dauden bertze hainbertze sentsazio eta sentimendu. Gure izatearen barren-barrenean dagoen zer edo zer da.
Rock musikaren historia, adibidez, deabruen arrastoz beterik dago: Robert Johnsonek eta harekin batera bluesman anitzek deabruarekin sinatu hitzarmenak, heavy metala eta bere aldaera anitzen deabrua gurtzeko ariketak, pop musikak eragiten duen adikzio susmagarria... eta urrun joan gabe, elizaren hitzetan trikitiaren hauspoa haizatzen duen indar berean ere, deabrua ageri zaigu. Hala kontatu digute eta hala beldurtu gaituzte.
Botereak, edonolakoa izanik ere, beti izan baitio beldur musikari. Musikak, zalantzan jartzen duelako boterea bera, musika bera delako boterea, batzuetan errepresentatzen duen botere hori bera baino indartsuagoa.
Bi ahotsetara
Deabrua belarrietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu