Gorriak hormak; gorriak argiak. Gorria da nagusi Donostiako San Telmo Museoko erakusketa areto batean; izan ere, Deabrua ote. Bruegeldarren mundua izeneko erakusketa bat inauguratu dute. Deabruaren unibertsoa jasotzen du; maiatzaren 24era arte egongo da ikusgai. Gaur aurkeztu dute, museoan bertan: erakusketaren ingurukoak azaldu dituzte, eta aurkezpenean izan dira Susana Soto museoko zuzendaria, Maria Bolaños komisarioa eta Antoine Roegiers erakusketan parte hartu duen artista.
Sotoren aburuz, "tentazioari, deabruari eta bekatuei buruz" hitz egiten du erakusketak, baita kontzeptu horien inguruan duela 500 urte artista ugarik sortutako unibertso bati buruz ere. Erantsi duenez, "txikia" da erakusketa, baina "kalitate handia" dute obra guztiek. "Obra nagusia Jan Bruegel de Velours margolariaren San Antonioren tentazioak da; diskurtsoa zehazten du, eta beste deribazio guztien abiapuntu bat da", azaldu du zuzendariak.
Komisarioa izateaz haratago, Valladolideko Museo Nacional de Esculturako zuzendaria ere bada Bolaños. Museo horretan osatu zuten erakusketa lehen aldiz, eta, orain, Euskal Herrian egin dute erreplika. "Berriro deabruarekin egingo dut topo, eta pozik nago", esan du komisarioak. Azaldu duenez, dimentsio berri bat hartu du, eta "modu zirraragarri batean berpiztu da erakusketa". Edukia bi zatitan bereizi dutela esplikatu du: "Zati bat obra klasikoekin osatuta dago, bestea, ordea, obra garaikideekin". Erakusketaren "bihotza" Bruegelen artelana dela berretsi du komisarioak, eta "margolan hori ilustratzeko, laguntzeko eta aberasteko" jarri dituztela beste hainbat obra.
Deabrua, gaurkotua
Obra klasikoen eta garaikideen arteko gurutzaketaren erantzule da Roegiers. Bolañosen hitzetan, garrantzitsua zen erakusketari "zerbait desberdina" gehitzea: «Erakusketa erdia Roegiersen lana da. Bere lana ikusi nuenean, horri lagunduko zion eta zerbait gehiago erantsiko zion zerbait aurkitu nahi izan nuen. Horrela sortu zen erakusketarako ideia». Lanen artean "afinitate natural bat" dagoela nabarmendu du komisarioak, eta naturaltasun horren barnean harilkatu direla lengoaia guztiak.
Ideia horrekin bat dator artista ere. Roegiersen arabera, "artelan handi bat osatzen dute artelan txikiz osaturiko erakusketa bat da, soila eta sentikorra". Pieter Bruegel Zaharraren grabatuetan oinarritutako animazioak egin ditu Roegiersek: zazpi bekatuak abiapuntu hartuta. Hala, "bizia" eman die margolanei. Sotoren esanetan, "gaurko begirada" ematen dio erakusketari: "Haien lanetik abiatuta eta espiritu hori mantenduz, teknologiak ematen dizkion baliabideak erabili ditu, irakurketa berri bat sortuz".
Erakusketaren bigarren zatia osatzen dute Roegiersen lanek, eta animaziozko film laburrez gain, film horiek egiteko aurretiaz egin zituen marrazkiak ere jasotzen ditu. Bi zati baditu ere, horietako bakoitzean beste bi atal bereizten dira. Artelan klasikoen zatian, Denboraldi bat infernuan atala eta Bruegel Zaharra: bekatuei buruzko dibertsio bat izenekoa daude. Obra garaikideenean –Roegiersen lanak biltzen dituen zatia da–, Bruegelen eromen handia, bizirik zein Bruegelen buruhausgarria atalak daude.
Bolañosen hitzetan, deabrua urte luzetan artearen historian presente egon den irudi bat da: "Erakustaren oinarria deabrua da, eta XV. eta XVI. mendeetan garrantzia izan zuen. Pertsonaia horren irudiak aldaketa handia jasan zuen garai horretan, eta presentzia handia hartu zuen. Irakurketa eta dimentsio posible asko dituen erakusketa bat da, eta infernuaren munduarekin lotura duen deribatuak biltzen ditu". Roegiersen arabera, erakusketa aukera bikaina da unibertso hori ezagutzeko: "Mundu liluragarri bat da".