Gaur bertan beteko direla 150 urte Claude Debussy (1862-1918) konpositore frantsesa sortu zenetik, Musique en Cote Basque jaialdiak bere gisan ospatu nahi du konpositoreak egin lana. Gaur bertan hasiko da, hain zuzen, jaialdia. François-Rene Duchable pianista eta Alain Carre irakurlea elkartuko ditu Donibane Lohizuneko auditoriumean 21:00etan. Claude Debussyk idatzi Monsieur Croche obratik ariko dira, besteak beste.
Jaialdiak irailaren 14a arte segituko du musika klasikoz betetzen Lapurdi itsasaldea. Hainbat saioren artean, irailaren 1ean, Isabelle Faust biolin jotzailea eta Alexander Melnikov piano jotzailea Baionako kalostrapean bilduko dira 21:00etan. Debussyren hirugarren sonata emanen dute.
Debussyz bestalde ere izanen da zer entzun. Abuztuaren 30ean, adibidez, Brussels Philharmonic Orchestra ariko da Donibane Lohizuneko elizan, 21:00etan. Herve Niquetek zuzendurik, Jan Van Der Crabben baritonoa ariko da, Flandriako irratiko koruarekin. XIX. mendearen bukaerako erlijio katolikoari lotu musika eskainiko dute.
Guztia biribiltzeko, Jean Paul Chambas margolariaren Mon Debussy erakusketa jarri dute Donibane Lohizuneko errotondan,jaialdiaren denbora osoan. Jaialdiko kontzertuetako sarrerak, 34 eta 53 euro artean finkatuak dituzte antolatzaileek.
Debussy omenduko du Musique en Cote Basque jaialdiak gaurtik aitzina
François-Rene Duchable pianistak eta Alain Carre irakurleak abiaraziko dute besta, Donibane Lohizunen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu