Donostiako 73. Musika Jaialdia

Debussyren Parisko doinuak bilduko dituzte Viktoria Eugeniako zikloan

Soprano bat eta bi pianista ariko dira: Arantza Ezenarro, Alfonso Gomez eta Gustavo Diaz-Jerez

Arantza Ezenarro sopranoak publiko guztien gustua egiteko moduko errepertorioa prestatu du. J.C. RUIZ / ARP.
Donostia
2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Claude Debussyren XIX. eta XX. mendeen arteko Paris gogoratu nahi dute aurtengo Hamabostaldian, garai hartako intelligentsia-ren eta arte ederren munduan zebiltzanen bilgune zena, Jose Antonio Etxenike jaialdiko zuzendari laguntzaileak esan duenez. Viktoria Eugeniako Club aretoan antolatu duten zikloak ere guztiz bat egiten du ildo nagusi horrekin, hiru emanaldietan —Arantza Ezenarro sopranoak eta Alfonso Gomez eta Gustavo Diaz-Jerez pianistek eskainiko dituztenetan— orduko konpositoreen doinuak joko baitituzte.

Etzi ariko da Ezenarro, Borja Rubiños piano jotzailearen laguntzaz. Debussyz gain, Paris inpresionistan nabarmendu ziren musikari handienen piezak kantatuko ditu: Maurice Ravel, Manuel de la Falla eta Reynaldo Hahnenak, hain justu ere. «Gozatzeko errazak diren melodiekin hasiko naiz, eta apurka, belarri landuagoa eskatzen duten beste giro batzuetara mugituko naiz», azaldu du soprano donostiarrak. Gisa berean, nabarmendu du errepertorioa «oso erosoa» egiten zaiola kantatzeko: «Nire ahotsera eta musika sentiberatasunera ezin hobeto egokitzen da. Asko gozatzen dut kantu hauek abestuz, eta Club aretoa oso toki aproposa iruditu zait». Ezenarro lehendik ere aritua da Hamabostaldian, eta, gaztea izanagatik, bere komunikazioak, adierazkortasunak eta musikaltasunak arrakasta eman diote azken urteetan. Alemanian bizi da egun.

Hilaren 27an, ostera, Alfonso Gomez pianista gasteiztarrak Debussyren pianorako preludio guztiak joko ditu. Ezohiko proposamena da, eta oso abagune aproposa zaleek konpositore ezagunaren pianorako obraren parte garrantzitsu bat ezagutzeko. Gomezek Gasteizko kontserbatorioan ikasi zuen, eta Rotterdamera joan zen segidan, ikasketak osatzera. Errezitaldi ugari eman ditu Europan, Ameriketan eta Asian. Eta orkestra handiekin ere jarduna da: Frankfurteko eta Euro-Asiako orkestra filarmonikoekin eta Europako Orkestra Sinfonikoarekin, besteak beste.

Gustavo Diaz-Jerez pianista espainiarra, azkenik, hilaren 29an arituko da. Hark ere Debussy izango du errepertorioko ardatz nagusi, baina Erik Satie, Ravel eta Lili Boulangerren piezak ere joko ditu. Nazioarteko lehiaketa askotan saritu dute Diaz-Jerez, eta orkestra entzutetsuekin aritutakoa da —Budapesteko Jaialdikoarekin, Turin eta Kanaria Handiko filarmonikoekin eta Tenerife, Galizia, Gaztela eta Leon eta Madrilgo sinfonikoekin. Egun, irakasle lanetan dabil Musikenen.

Bestalde, Viktoria Eugeniako areto nagusian Christian Zacharias pianistaren kontzertua izango da hilaren 31n, amaiera gisara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.